BESTELAKO GAU GAZTEAK

Tabernak ez dira gauze ondo pasatzeko leku bakarra. Euskal Herriko zenbait hiriburu eta herritan, gazteentzako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte udalek, alternatibak eskaintzeko asmoz. Hiriburu batetik bestera, baina, alde handiak daude. Batzuetan, urteroko egitarau finko baten inguruan harilkatzen dituzte ekitaldiok; beste batzuek, ordea, gazteentzako ekintzak eta ikastaroak antolatzen dituzte, baina ez programa bakar baten barruan. Azkenik, arlo horretan ezer gutxi eskaintzen duten udalak ere badaude.
Bilbo da, seguru asko, eskarmentu handiena duen hiriburua, Bilbo Gaua egitarauari esker. Urte batzuk badaramatza programa horrek, eta, egun, hiru lekutan garatzen da: Deustuko Bidarte gunean, Errekaldeko Elejabarri gaztegunean eta Zorrotzako gizarte etxean. Ostiraletan egiten dituzte jarduerak, 22:00etatik aurrera, Errekalden izan ezik; han, ordubete lehenago hasten dira, gaztegunearen berezko programazioa 21:00etan amaitzen delako. Horrela, arratsaldeko programazioa gauekoari lotzen diote.
Mota askotako ikastaroak antolatzen dituzte aipatutako hiru guneetan: kosmetika ikastaroak, harribitxiak edo larrua lantzekoak, gitarra jotzen ikastekoak… Arrakastatsuenak sukaldaritza eta perkusio ikastaroak izaten dira. Den-denak doakoak.
Bilbao Gaua egitarauan bestelakoak ere izaten dira, baina: kontzertuak, antzerki emanaldiak, bosteko futbol eta aerobik maratoiak… Bestalde, gune guztietan Interneten konektatzeko aukera dago. Beharbada, jarduera berritzaileenetako bat Errekaldeko Local Stage izenekoa da. Bertako musika talde gazteentzat da, vaina ez du soilik zuzenean jotzeko aukera ematen: taldeei zuzeneko maketa bat grabatzeko edo bideoklip bat egiteko aukera ematen zaie.
Ekitaldi guztiak 16 eta 35 urte bitartekoentzat antolatzen dira. Adin tartea handitu dute programaren arduradunek: lehen, 30 urtekoa zen adin muga, baina konturatu ziren helduagoek ere interesa zutela zenbait ekitalditan.
Elkarteekin batera
Gasteizen, Udalak babestutako Gauekoak egitaraua dago abian, 14 eta 30 urte bitartekoentzat. 2000n antolatu zuten lehen aldiz, proba gisa, eta 2002. Urtetik aurrera egitarau egonkorra antolatu izan dute. Urtean hiru kanpaina egiten dute, bakoitza hiru bat hilekoa, eta ekitaldi gehienak Aldabe gizarte etxean egiten dituzte, 22:00etatik 00:00etara, baina hiriko beste zenbait lekutara ere eramaten dute egitaraua. Helburua «aisialdi alternatiborako aukera ematea» da, Gazte Arloko arduradun Maria Jose Ruizen hitzetan.
Egitarau honen ezaugarri nagusia da hiriko talde eta elkarteek aukera dutela gazteentzako euren ekitaldiak programazioan sartzeko. «Izan ere, Gauekoak ez da berez udaleko programa», dio Ruizek. «Udalak ez du zuzenean
ekitaldirik antolatzen; hitzarmena sinatzen du elkarteen federazioarekin, eta haiek antolatzen dituzte ekitaldi guztiak». Egun, hogei bat elkartek osatzen dute sarea, eta horien artean euskaltegiak, emakume taldeak, kirol elkarteak eta beste daude.
Mota askotako ekitaldiak antolatzen dituzte Gasteizen. Ruizek dioenez, kontzertuek arrakasta handia izaten dute. «Batez ere, bertoko talde berriekin lan egiten dugu, eta oso gazteak izaten dira, hamabost edo hamasei urteko neska-mutilak». Kirol ekintzak ere ugari dira, eta, horiekin batera, ikastaroak, antzerki emanaldiak eta bestelakoak ere antolatzen dituzte.
2009ko txostenaren arabera, 32.000 gazte inguruk parte hartu zuten Gauekoak-eko ekitaldietan: 8.100ek negukoan, 11.500ek udaberrikoak, eta 12.500ek udazkenekoan. «Udan ez dugu egitaraurik antolatzen, berez eskaintza handia izaten delako, hirian zein inguruetan», dio Ruizek. Zenbaki horiei erreparatuta, balantzea «ona» dela adierazi du Ruizek, baina hobetu beharra dagoela adierazi du: «Batez ere, saiatu behar dugu ekintzak hiri osora hedatzen, eta auzoetako gizarte etxeetara eramaten. Egiten duguna ezagutzera ematea litzateke hurrengo urteetarako xedea».
Donostiako Udaleko Gazteria Saila Gau On izeneko programa antolatzen hasi zen, 2000ko abendutik 2001eko ekainera, 16 eta 30 urte arteko gazteentzat. Bi ziren ildo nagusiak: gaueko eskaintza zabaltzea, eta gazteen eta elkarteen parte-hartzea sustatzea, Gazteria Saileko teknikari Leire Orellak adierazi duenez.
Lehenengo saio honen balorazioa egin ostean, berriro jarri zuten abian 2002ko maiatzean, baina 2003an bertan behera gelditu zen. Esperientzia, berez, baikortzat jo zuten arduradunek, Orellaren arabera: orotara, mila gaztek baino gehiagok eman zuten izena antolatutako ikastaro eta txapelketetan, 300 ekintza inguru antolatu zituzten, eta ikastaro batzuk, dantza, masaje eta disko jartzaileenak esaterako, oso arrakastatsuak izan ziren. Hala ere, «egindako gastuaren eta partehartzaile kopuruaren arteko desorekak, ekipamenduen dispertsioak eta abarrek zaildu egiten zuten ekintzen antolaketa».
Egun, Donostian gau giroko udal ekintzak ez dira bideratzen programa bakar baten arabera. Alde batetik, hiriburuan dauden sei gaztelekuak eta Kontadores gaztegunea erabiltzen dituzte. Azken hori «gazteen parte-hartzea bultzatzen duen gune bat da, bertan egiten diren emanaldiak gazteek berek antolatutakoak dira, eta haien lana ezagutarazteko agertokia izan nahi du». Beste aldetik, hiriko musika mugimendua sustatu eta bateratzeko ahaleginak nabarmendu dituzte Gazteria Sailekoek.
Iruñean, berriz, Udalak ez dauka gazteentzako gaueko egitarau berezirik. Gazte Arloko arduradunen arabera, Udalak hainbat kultur ekitaldi babesten ditu, eta horietatik batzuk, kontzertuak kasu, gauez egiten dituzte, baina oraingoz ez dute beste hiriburuetakoen moduko programaziorik antolatzen. Baionako Udalak ere ez du halako eskaintzarik.

INFORMAZIO-ITURRIA: BERRIA (IGANDEA).

¿Quieres dejar un comentario?