Kanabisak (haxixak, zehatzago) bigarren mailako ondoriorik al dakar epe luzean?
Haxixa cannabis sativa izeneko zuhaixkaren erretxina erabiliz egiten da. Kalean kostoa esan ohi zaio eta kontsumitzen den zerari, porrua edo peta.
Haxixaz luze eta zabal eztabaidatu da: zer-nolako ondorioak dakartzan, toxikotasun maila, mendekotasunik ote dakarren… Azkenik hainbatek aipatu du sendagaia ere badela; hori dela eta pentsa liteke kaltegabekoa dela, baina, egiaz, ez da horrela.
Zergatik? Lehenengo eta behin, droga delako eta droga kaltegaberik ez dagoelako. Inork ez du erabat frogatu gorputz mendekotasunik sortzen duenik; buruarena, ordea, bai. Hau da, baten batek haxixa sarritan errez gero, azkenik porruak besterik ez du aipatuko mintzatzean, edozein une izango zaio ona erretzeko, larri edo urduri ibiliko da denboratxoa erre gabe ematen badu. Horrela dabilela, ezin du erabaki erre nahi duen edo ez. Aditu batzuek diotenez, hainbat kontsumitzailek epe luzean psikotikoen moduan dihardute, psikosi kannabikoa izenekoak jota. Beste batzuen arabera, berriz, hori ez da egia. Dena dela, begi-bistakoa da porruak engantxagarriak direla. Eta ez ahaztu kostoa dabilen lekuan beste istorio txungo batzuk ere ohi dabiltzala.
Oro har, porruak tabakoaz nahastuta erretzen dira. Horrela, gorputzari tabakoak (gehienbat iragazkirik gabe errez gero) dakarzkion arazo berberak dakarzkiote porruek: hots, gaixotasun kardiobaskularrak, arnas aparatuan eta urdailean. Eta tabakoak mendekotasuna ere sortzen du.
Kanabisaren beste ondorio bat gizarte ondorioa da: porruak errez gero nolabaiteko aipu txarra beregana dezake batek; legeak zigortu egiten du baimenik gabeko lekuetan erretzea; kanabisa iraultza egiteko modua ere izan dakioke hainbati; mundutxoan sartuz gero, erraz has daiteke bat trapitxeoan diru apur bat irabazi eta ordaindu gabe erretzearren. Eta horrek lege arazoak dakartza.
Horretaz guztiaz gain, jakin ezazu kalean ezin dela porrurik erre: jendaurrean kontsumitzeak isuna dakar eta, poliziak trapitxeoan zabiltzala sumatzen badu, kartzelaldia ere izan daiteke trafikatzearen zigorra.
Drogek erabat uzten diote dibertigarriak izateari, baten batek horien gaineko kontrola eta erabakitzeko gaitasuna galtzen duenean. Eta nork berak, ez beste inork, erabaki behar du droga hartzea edo ez. Gainera, drogak ez du inor mendean hartzen, baizik eta gizakiak egiten gara drogaren mendeko.