Sexu harremanak eduki nahi ditut eta pilula aukeratu dut haurduntzea aurrezaintzeko metodo gisa. Noiz nabarituko ditut pilularen ondorioak? Noiz arte itxaron beharko dut?
Haurduntzeko eta sexu-transmisiozko gaixotasuna (STG) kutsatzeko arriskua uxatu nahi baduzu sexu harremanetan, preserbatiboa erabili behar duzu ezinbestez. Badakizu: kondoia erabilita, bi arrisku uxatzen duzu; eta ondorio kaltegarririk ez dakar.
Eta arrisku biak eduki behar dituzu oso kontuan: hots, haurduntzea eta STG kutsatzea (baten batek zuri edota zuk baten bati). Tamalez, gaixotasun horietako batzuk sendaezinak dira, gaurkoz behintzat tratamendurik ere ez dute; hala nola, GIB (giza immunoeskasiaren birusa, hiesarena) edo C hepatitisa. Halaber jakin behar duzu emakumeak errazago kutsatzen direla gizonezkoak baino.
Galderaren bigarren atalari buruz, pilula antikontzeptiboak ez haurduntzeko bakarrik balio du eta aurreneko pilula hartu eta berehala ditu ondorioak. Dena den, familia plangintzaren bulegoetan aholkatu ohi dute lehen astean preserbatiboa ere erabiltzea.
Nolanahi ere, galdetu ginekologoari; zer komeni zaizun esango dizu eta errezeta ere egingo dizu. Ez ahaztu pilulak hormonak sartzen dizkizula gorputzean eta, nahi duzun ondorioa lortuko baduzu, dosia erabat errespetatu behar duzula, atsedenaldi eta guzti. Hori esanda, ez al duzu uste kondoia erosoagoa dela?