71 film erakutsiko ditu Zinebik Sail Ofizialean, hilaren 18tik aurrera

cartel_zinebi58Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 18an zabalduko du 58. edizioa, Arriaga antzokian, Jaime Chavarri zinema zuzendari, gidoilari, antzezle eta kritikariari Ohorezko Mikeldia emanez. Zinemaldiaren azken edizioetan ohikoa denez, inaugurazio ekitaldia Sekzio Ofizialean lehiatuko diren euskal film laburren proiekzioarekin osatuko da.

Aurtengo Ohorezko bigarren Mikeldia Bahman Ghobadi zinemagile kurduari emango diote, zineman egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza bikaina aitortzeko. Ghobadik azaroaren 25ean jasoko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian.

71 film arituko dira Sekzio Ofizialean, zinemaldiak dituen hiru generoetako Urrezko eta Zilarrezko Mikeldiak lortzeko borrokan: fikzioa (35), dokumentala (16) eta animazioa (20). Euskal zinemagileek egindako sei lan daude horien artean: Renovable (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), Ulises (Aitor Gutierrez), Hileta (Kepa Sojo), Anónimo (Ivan Sokolov), Gure hormek (Maria Elorza eta Maider Fernandez) eta Jane, Tarzan ez zen horren guay (Begoña Vicario).

Sekzio Ofizialeko sarien irabazleak nazioarteko epaimahaiak ebatziko ditu, epaimahaikide hauen irizpideen arabera: Andréa Picard Kanadako idazle eta zinema kritikaria, Toronto International Film Festivale (TIFF) zinemaldiko programatzailea; Corina Moldovan–Florea ekoizle errumaniarra; Krini Kafiris irakasle eta Greziako komunikabideen ikertzailea; Jose Luis Rebollo konpositorea; eta Virginia García del Pino zinemagile eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Masterreko irakaslea.

Sari berria

Zinebik, gainera, bost kontinenteetako zinemagile berrien lehen lanei eskainitako nazioarteko lehiaketa egingo du aurten, lehenengo aldiz.

Xenia Rivery kubatar gidoilaria, Jon Garaño euskal zinemagilea eta Rita Azevedo Gomes portugaldar zinemagilea izango dira lehiaketa berri horretako film onena aukeratuko duen epaimahaiko kideak.

Horrez gain, Zinebik euskal ekoizpen guztiek lortu ahal izango dituzten sari ez ofizial hauek ere izango ditu: ikus-entzuleen-EITB saria, SGAE Fundazioarena Euskal Gidoi Onenarentzat, zuzendaritza onenarena eta musika onenarena. Halaber, 1.000 euroko saria izango duen ZINEBI-New Talents sariak 2015-2016 ikasturtean Bilboko zinema eskoletan ekoitzitako film onena sarituko du.

Bestalde, Zinebik arreta berezia eskainiko die orain gutxi egindako euskal ekoizpen lanei, “Bertoko begiradak. Miradas desde Euskadi” sekzioaren barruan. Bost lan aurkeztuko dira: lau dokumental eta fikziozko bat.

Zinebiren ekoizpena

Horrez gain, ekoizpen propioa eta Euskadiko ikus-entzunezko sorkuntza sustatzearen alde egin du aurten ere: Nosotras, mujeres de Euskalduna Larraitz Zuazo zinemagile bilbotarrak, besteak beste, ETBren laguntzarekin zuzendu duen dokumentala eskainiko du. Euskalduna ontziolen jarraipenaren defentsan borrokatu ziren emakumeei begiratu die Zuazok lan honetan.

INFORMAZIO ITURRIA: www.eitb.eus

¿Quieres dejar un comentario?