ATEKAROCK JAIALDIA OSPATUKO DA LEITZAN BIGARREN ALDIZ MARTXOAREN 24EA

INFORMAZIO-ITURRIA: www.diariodenoticias.com
Dagoeneko konpondu dituzte kuartel zahar honen bi solairu, baina beste azken biak berreskuratzeke daude
Iazko arrakasta ikusita, Leitzako eragileek Atekarock jaialdia antolatzeari ekin diote bigarren aldiz. Aurtengo hitzordua martxoaren 24ean izanen da, eta bildutako dirua Atekabeltz herrigunea moldatzeko erabiliko dute.
Izan ere, 2003. urtera arte Guardi Zibilaren kuartela zen eraikin hau konpondu badute ere, azken solairuak berritzeke daude oraindik. Helburua, Leitzako talde eta elkarteen egoitzak bertan bildu eta herriarentzako espazio publiko bezala errekuperatzea da. Baina hori guztia egiteko, baliabide ekonomikoak behar dira eta hori izanen da, hain zuzen ere, Atekarocken xedea Elkarlanetik jaio, musikatik eraiki! lelopean. Bigarren edizio honetan ere, punta-puntako kontzertuak ikusi ahal izango dira jaialdiaren antolatzailetako batek, Joan Mari Barriolak aurreratu duenez.
Besteak beste, Akatu, Governors, Kaotiko, Ze Esatek!, Tximeleta eta DJ Bull. Horrez gain, Gaztetxean beste hiru talde igoko dira taula gainera: 121 Krew, Goienetxe anaiak eta Raperos de Emaus. Musika jaialdia 21.00etatik aurrera hasiko da polikiroldegian, baina lehenago, 19.30etan, kalejira egingo da herriko kaleetan barrena batukada talde batekin. Eta ordu erdi beranduago, ekitaldia egingo da polikiroldegian, bertaratzen direnei Atekabeltz herrigunea zer den eta zein helbururekin jaio zen jakinarazteko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, txartelak han bertan erosteko aukera izanen da 16 euroren truke, baina aurretik lortu nahi izanez gero, Leitzan (Torrea, Iruñean (Karmengo herrikoa, Irurtzun (Pikuxar, Lekunberri (Elosta, Billabona (Maxola, Andoain (Lanbroa) eta Tolosan (Denak) erosteko aukera izango da. Kasu honetan, salneurria 14 eurokoa izanen da. Gainera, iaz bezala, autobus zerbitzua ere jarriko dute kanpoko jendearentzat 6 euroko prezioan. Txartelak erosi daitezkeen herri guztietatik igaroko dira autobusak joan eta etortzeko. Ibilbideak eta ordutegiak ezagutzeko: (atekarock.blogspot.com).
ITXAROPENTSU
Herriko eragileek hilabeteak daramatzate martxoaren 24ko festa antolatzen iazko arrakasta errepikatuko delako itxaropenarekin. Helburua ahalik eta jende kopuru handiena biltzea da, modu horretan, Atekabeltz herrigunea konpontzeko ahalbide ekonomiko gehiago lortuko dituztelako.
Barriolak adierazi duenez, etekinak azken bi solairuak berreskuratzeko erabiliko dira. Bertan, ikus entzuneko gela osatu eta herriko hainbat talderi egoitzak eskaini ahal izateko. Dagoeneko, Alke kutur taldeak, Bilgune Feministak, Gazte Asanbladak, ikasleek eta txalapartariek eraman dituzte euren bulegoak Atekabeltzera. Eta orain, korala, eskulanak egiten dituzten taldeak eta beste eragile batzuk eraman nahi dira bertara. Azken finean, herritarrak bildu, erakusketak egin, hitzaldiak antolatu eta tankerako jarduerak egiteko leku publiko era ireki bat bultzatu nahi da, orain arte Leitzan ez zegoen moduko gune bat.
Hori guztia, Atekabeltz herrigunea izeneko taldea ari da bultzatzen, iaz, Udalak 20 urterako gestioa haiei esleitu ondoren. Atekarocken bigarren edizioak aurreikusitako erantzuna izaten badu, hemendik aurrera, jaialdia bi urtetik behin egiteko asmoa daukate antolatzaileek. Izan ere, ehun lagunetik gora ari dira prestaketetan eta "lan ikaragarria" suposatzen du horrek. Hala ere, jaialdia egiten ez den urteetan, festa txiki eta herrikoiago bat egiteko asmoa azaldu dute.

¿Quieres dejar un comentario?