Mina sentitzen dut koitoan

Pertsona batzuek, emakumeak zein gizonak, mina edo ondoeza izan dezakete koito bidezko sexu-harremanetan.

Penetrazioa duten sexu-harremanetan mina sentitu daiteke. Hori, gizonei zein emakumeoi gerta dakiguken zerbait da. Bi sexu-nahaste daude koitoan emakumeen artean min-sintomak dituztenak: dispareunia eta baginismoa.

Dispareunia emakumeen % 4 inguruk pairatzen du eta koitoa baino segundo batzuk lehenago, koitoaren unean edo penetrazioaren ondoren genitaletan sentitzen den mina da. Min horrek, noski, plazerean eragina du eta, zenbait kasutan, abstinentziara ere eraman dezake.

Baginismoa, berriz, baginaren gihar estutzailearen nahigabeko uzkurdura mingarria da eta koitoa eragozten du. Kasu horretan, sexu-grinaren, kitzikapenaren eta orgasmoaren alterazioak gerta litezke. Nahasmendu horrek zuzeneko harremana du psikearekin. Izan ere, hainbat kasutan, nahasmendu horretarako arrazoia sexu-harremanekiko beldurra edo antsietatea izaten baita. Egia da baginismoan bestelako arrazoi organikoak ere izan daitezkeela, hala nola, endometriosia edo pelbiseko inflamazioa.

Gizonak

Gizonen kasuan, gizonezkoen dispareunia dugu. Kasu horretan, mina zakilean azaltzen da eta, zenbait kasutan, buztan-mokoan, gernubidean edo prostata-guruinean. Ondoez hori sexu-erantzunaren fase batzuetan ager daiteke: kitzikatzean, erekzioan, barneratzean edo eiakulazioan.

Dispareunia, emakumeen kasuan zein gizonen kasuan, arazo fisikoen ondorioa izan ohi da, hala nola, genitalen infekzioa, erreakzio alergikoak eta sexu-transmisiozko gaixotasunak. Zenbait kasutan, arazo psikologikoen ondorio ere izan daiteke: eraso edo indarkeriaren esperientzia traumatikoengatik eratorritako beldurra, autoestimu baxua, atariko jolasen falta…

Nahasmenduaren arrazoiak infekzioak edo inflamazioak bezalako arazo fisikoen ondorio direnean, medikuarengana jo behar da. Jatorria psikologikoa denean, berriz, psikologo edo sexu-terapeuta baten laguntza beharko dugu. Profesional horiek koitoan sentitzen den minari beldurra galtzeko laguntza eskainiko digute. Terapia kognitiboa ere erabili ohi da genitaletako giharrak erlaxatzeko.

Baginismoari dagokionez, berregituratze kognitiboko eta erlaxazioko ariketak egiten dira, baita hezkuntza psikosexualekoak ere.

Hortaz, lehenik eta behin arazo horren jatorria zein den aztertu beharko dugu, horren arabera, laguntza era batekoa edo bestekoa izango baita.

INFORMAZIO ITURRIA: gazteberri.eus