Gazteak 26 urterekin emantzipatzea nahi du Eusko Jaurlaritzak

Gazteen Legea eta III. Gazte Plana prestatzen hasi da Eusko Jaurlaritza, eta egitasmo horien helburuetako bat izango da gazteak lehenago emantzipatzea, hau da, 25 edo 26 urterekin emantzipatzea. Gaur egun, 30 urterekin emantzipatzen dira, Europako batez bestekoaren gainetik. Helburu hori lortzeko, etxebizitzak alokairuan hartzeko eskaintza publikoak bideratuko dituzte eta enplegua eta prestakuntza lortzeko programak jarriko dituzte martxan.
Gazteen Legea eta III. Gazte Plana Kultura Sailaren egitasmo garrantzitsuenetakoak direla azaldu du Blanca Urgell Kultura sailburuak eta, horregatik, horiek lantzeko prozesu parte-hartzailea hasi dutela. Urte bukaera aldera legea onartzea espero du. Kultura Sailak beharrezkoa ikusten du lege esparru bat definitzea, gazteen eskubideak «askatasunez eta erantzukizunez» bermatuko dituzten neurriak posible egiteko. «Lege horrek balio behar du gazte politika integrala bultzatzeko, eta administrazioei dagozkien eskumenak eta eginkizunak arautzeko», dio Urgellek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde guztietan politika integralak garatzeko eta Gazteen Legea aplikatuko dutela bermatzeko, III. Gazte Plana landuko dute.

Informazio-iturria: www.berria.info

¿Quieres dejar un comentario?