GAZTEEK TOPALEKUAK NAHI DITUZTE
Baionako Paul Vert ikastetxean ari dira ikasten Damian Haranburu, Anthony Laine, Mathieu Dassie eta Xanti Legaryo. Baiona, Angelu, Aiherra eta Landetan sortuak, Baiona Ttipia besta gunetzat daukate, eskolatik hurbil egoteaz gain historikoki bestaren ikur eta gazteen topaleku izan delako.
Ez dute begi onez ikusten ostatuen itxiera tenorea aitzinatzeko mehatxua. «Ostatuak goizaldeko lau edo bostetan itxi behar dira, eta prezioak apaldu», dio Dassiek. Ulertzen dute auzoen arrangura, baina, haien iritziz, ez dago deus berririk. «Betidanik besta gune eta gazte topalekua izan da Baiona Ttipia, eta horrela segitu behar du», nabarmendu du Lainek. Hamarkada askotan horrela izan da, eta benetan zarata arazo balitz etxeetako berinak bikoitzak izanen liratekeela uste du. Alta, Baiona Ttipiko etxeak monumentu historikoak dira, eta legeak ez du horrelakorik baimentzen.
Ez dute arazoa gordetzeko gutiziarik. Ostatuak ixten dituztelarik borrokak egoten direla diote. Poliziaren presentzia ere onuragarria izan daitekeela diote, baina ez kontrolak egin eta botilak kentzeko, segurtasuna eskaintzeko baizik. Joan den larunbatean parranda egin zuten. Hogei euro xahutzen dituzte gehienez. Horrekin gau osoa irautea ezinezkoa dela diote, eta, horregatik, karrikara berandu ateratzen dira. Aitzinetik etxeetan biltzen dira, eta han edaten dute.
Debekurik ez
Karrikan edatea zigortzen du legeak. Hala ere, hori ekiditea ezinezkoa dela diote gazteek. Poliziak toki batean kontrolak egiten baditu gazteak bertze toki batera joanen direla diote. Eta Baionako karrika eta zoko guztietan Polizia jarriko balute lagunen etxeetan bilduko liratekeela.
Gurasoen garrantzia ere nabarmendu dute. Izan ere, gurasoek bentetan erosten dituzte edariak eta usu, seme-alabentzako edariak ere han erosten dituzte. Hala, «hipokresia» hutsa deritzote Baionako Herriko Etxearen jarrerari.
14 eta 15 urteko gazteen mozkorraldiek, hala ere, kezka eragiten diete. Besta egiteko usaiarik ez dutela nabarmendu dute. Baina besta egiteko ohitura ostatuetan, jai giroan eta topalekuetan egiten dela diote.
«Asteburuetan ez dago deus egiteko Baionan, Herriko Etxeak ez die deus proposatzen gazteei», dio Legaryok. Gaztetxe moduko egoitzak antolatzea proposatu du, gazteentzako eginak eta gazteek kudeaturik. Herriko Etxeak osatu duen batzordea ere aipatu dute. Eragile ugari bildu dira bertan, baina ez dago gazteen ordezkaririk. «Gu gara arazoa, baina gu gabe konpondu nahi dute».
Informazio-iturria: www.berria.info