Gero eta gazte gutxiagok erabiltzen dute preserbatiboa

Controlek egin duen inkesta baten arabera, espainiarren heren batek ez daki zein den bere sexu-kidearen osasun-egoera.

Preserbatiboaren erabilera jaitsi omen da 26 urtetik beherako gazteen artean. Berriki ezagutzera eman den “Los españoles y el sexo” barometroaren XI. edizioaren arabera, gazteen % 58k preserbatiboa erabiltzen du, baina aurreko barometroarekin alderatuta, kopuru hori lau puntutan jaitsi da. Aho-sexuaren kasuan, kondoiaren erabilera % 6ra mugatzen da. Era berean, Controlek egin duen txostenaren arabera, espainiarren heren batek ez omen daki zein den bere sexu-kidearen osasun-egoera.

Lehen aldiz Controlek egiten duen barometroak 30 urtetik gorako adin-tarteak eta erantzukizun sexoafektiboa, sexuaren eta osasun mentalaren arteko harremana edo bizitzako etapa guztietako praktika bezalako gaiak jaso ditu.

Prebentzio gutxiago

Ikerketaren arabera, covid-19aren pandemiak eragina izan zuen sexu-harremanetan neurri zorrotzagoak hartzeko. Hala, 2021aren amaieran, Estatuko herritarren % 76k baino gehiagok zioen ondo ezagutzen zuela bere sexu-kidearen osasun-egoera. Behin pandemia amaituta, badirudi ardura mailak behera egin duela eta, ehuneko hori % 66ra jaitsi da.

18 eta 26 urte bitarteko gazteen kasuan, kondoiaren erabilera pandemia aurreko mailara jaitsi da. Hala ere, kondoiak jarraitzen du izaten gazteek gehien erabiltzen duten antisorgailua.

Aho-sexuaren kasuan, inkestatutakoen % 40k dio ez duela kondoirik erabiltzen bere ohiko bikotekidearekin egiten duelako eta ez direlako kutsatuko direnaren beldur. Txostenean jasotzen denez, % 90k ez omen du inoiz sexu-transmisiozko gaixotasunen bat izan. Inkestatutakoen % 37k adierazi du inoiz ez duela espezialista batengana jo bere sexu-osasuna berrikustera, eta % 30ek aitortu du hori egin duela kezkatzeko moduko sintomaren bat antzeman duenean.

Masturbazioak gora egin du

Txostenak agerian utzi duenez, espainiarren artean masturbazioa da sexu-praktika nagusia; hots, masturbazioa beste pertsonekin izaten diren harremanak baino ugariago omen da. Zehazki, 10 pertsonatik 6k dio astean gutxienez behin izaten dituela sexu-harremanak edo masturbatzen dela. Noizbait masturbatu izan direnen kopurua % 95koa da. Horien atean, % 10ak dio egunero masturbatzen dela. Sexu-harremanak egunero dituztela diotenen kopurua % 3ra mugatzen da. Azken bi datu horien kasuan kopuruan nabarmen altuagoak dira gizonen artean emakumeen artean baino; gizonen % 16 masturbatzen omen da egunero eta % 4k sexu-harremanak omen ditu egunero. Autonomia Erkidegoka egindako sailkapenaren arabera, Nafarroako eta Gaztela-Mantxako herritarrak omen dira gehien masturbatzen direnak. Txanponaren beste aldean Kantabriako herritarrak aurkituko lirateke. Valentziako Autonomia Erkidegoa da sexu-harreman gehien izan ohi duten eskualdea; bertako herritarren % 5ek dio egunero izan ohi dituela sexu-harremanak.

Sexua eta emozioak

Konpromisorik gabeko sexu-harremanak gero eta ohikoagoak diren arren, txostenak jaso duenez, 10 espainiarretik 4 bakarrik, hutsik edo triste sentitu dira, lotura afektiborik gabeko sexu esporadikoa izan ondoren. Gainera, inkestatutako 10 pertsonatik bik diote ez dela ezinbestekoa beste pertsona ondo ezagutzea sexu-harremanak izateko.

Gazteen harremanen inguruko informazio biltzeaz gain, txostenak pertsona helduen sexu-harremanen inguruko datuak ere jaso ditu. Zentzu horretan, eta txostenak agerian uzten duenez, 41 urtetik gorako pertsonen kasuan sexu-jarduera nabarmen jaisten da, nagusiki, adin kontuagatik. Emakumeen kasuan, adibidez, 10 emakumetik 4k baginako lubrikazio txikiagoa duela dio; heren batek sexu-grina nabarmen jaisten dela onartzen du; eta, % 18k kitzikapena eta orgasmoak intentsitate baxuagokoak direla onartzen du.

40 urtetik gorako gizonen kasuan, berriz, heren batek sexu-plazeraren intentsitatea jaitsi egiten dela dio eta sexu-grinak ere behera egiten duela onartzen du % 27k.

FUENTE: gazteberri.eus