Gizonen sexu-grina: mitoak eta errealitateak

Gizartean nahiko errotuta dago gizonen sexu-grina oso indartsua dela beti eta, horrek, zoritxarrez, ez die mesede handirik egiten.

2020.urtean Espainian egin zen inkesta batean jasotako datuen arabera, estatuko gizonezkoen ia laurden batek (% 24k) sexu-harremanak ditu astean behin. Horrelako harremanak egunero dituztenen kopurua, berriz, % 3raino erortzen da. Datu horiek eskuetan izanik, bada burura datorkidan galdera bat: egia al da gizonek sexu-grin hiperaktiboa dutela?

Egiari zor, asko dira gizonen sexualitatearen inguruan eraikitako mitoak. Horietako bat, adibidez, aipatu dudan sexu-grinaren inguruko hori da. Izan ere, gizartean nahiko errotuta dago gizonen sexu-grina oso indartsua dela beti eta, horrek, zoritxarrez, ez die mesede handirik egiten. Izan ere, horrelako mitoek erekzio-disfuntzioa, eiakulazio goiztiarra eta sexu-desiraren inhibizioa bezalako sexu-nahasteak sortzen laguntzen dute.

Sexu-grina pertsonak amets egitera edo harremanak izatera bultzatzen gaituen bulkada da. Zenbait aditurentzat sexu-grina kitzikapen sexuala hasteko zioa litzateke. Bulkada horrek zenbait osagai ditu: biologikoa (aktibazio neurohormonala), psikologikoa (gogo kognitiboa) eta testuingurua (kanpoko zein barneko kitzikapen sexualak).

Sexu-grina bakarka zein pertsona batekin (sexu-grin diadikoa) azal daiteke. Nerabetasunean, bakarkako sexu-grina handiagoa izaten da eta urteak aurrera egin ahala diadikoa nagusitzen hasten da, agian, bikotekide egonkor bat bilatzeko eta partekatutako bizitza bat eraikitzeko gogoarekin batera.

Baina sexu-grina edo libidoa ez da berdina pertsona guztiongan. Gogo hori, gainera, hainbat faktoreengatik alda daiteke: gaixotasunak (prostatako minbizia, giltzurrun-arazoak…), medikamenduak, drogak… Gai honetan, faktore psikologikoak bere biziko garrantzia du eta estresa, antsietatea, depresioa edo kultur edo ohitura arrazoiengatik ematen diren sexu-pentsamenduen errepresioa bezalako koadroek ere zuzeneko eragina dute. Lehen sexu-harremanetan izandako esperientzia traumatikoek ere sexu-grinan eragin dezakete.

Azkenik, kontuan izan behar dugu gure bizitzan zehar sexu-grinak gorabeherak izango dituela eta, normalean, adinak gora egin ahala behera egingo du.

LOHIZUNE LOROÑO

Mi Psicólogo Getxo

FUENTE: gazteberri.eus