HARREMAN MOTA HOBEEN BILA
Ereduak eta kopiak. Beste pertsonekin harremanetan jartzeko orduan libreki jokatzeko modua badela uste aski zabaldua da gaur egungo gazteen artean, ohartu gabe, benetan, harreman gehienak igualtsuak direla, kanpotik jasotako ereduen gutxi gorabeherako kopiak. Ondorio horretara heldu dira EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatutako Alda dezagun tratua jardunaldietan parte hartu dutenak.
Iragan ostiralean bildu ziren Donostiako Emakumeen Etxean; besteak beste, eredu horiek eragin dezaketen kalteaz, eta nahi lituzketen «tratu onez» aritu ziren. Pertsonen arteko harreman guztiei eragiten dieten kontuak izanagatik, batez ere bikote harremanak landu dituztela azaldu du Tamara Arroyok, EGK-ko genero teknikariak: «Mahai gainean jarri nahi izan dugu zein harreman mota dauzkagun gazteok gaur egun».
Parte hartzea espero baino txikiagoa izan da; berez, larunbatean ere bazeuden pare bat hitzaldi programatuta, baina bertan behera utzi behar izan zituzten, nahiko jende ez zelako azaldu. Dena den, oro har, balorazio positiboa egin du koordinatzaileak: «Gehienak gizonezkoak izateak harritu ninduen. Normalean, kontu hauetarako, gehienak emakumeak izaten dira». Harremanen inguruan hausnartu eta «itxurazko berdintasunari» buruzko usteak alde batera utzita, biltzen jarraitzeko beharra adierazi dute, batez ere mutilek. «Beharrezkoa da gizonezkoen artean euren taldeak sortzea eta euren arteko harremanak lantzea, emozio eta txeraren aldetik».
«Harreman osasuntsu» bat zer izan litekeen ere hausnartu dute, alegia, nola topatu bikotearen eta norbere buruaren beharren arteko oreka: «Hori garrantzitsua da, bakoitzak bere burua zaintzea. Bikote bat biren artean izan beharrean, hiruren artean izatea, nolabait: pertsona bat, bestea, eta harremana». Oro har, kanpotik jasotako eredua prozesu horren kalterako izaten dela uste du Arroyok: «Telebistan, filmetan, musikako hitzetan… Nahiko eredu posesiboak sustatzen dira». Indarkeria sexista ere izan da eztabaidetan ateratako gaietako bat. Bereziki haren prebentziorako egiten diren kanpainak kritikatu dituzte: «Beldurra sustatzen dute». Dena den, Arroyok nabarmendu du jardunaldietako ardatza ez direla tratu txarrak izan, onak baizik: «Denok ikasi behar dugu elkar ondo tratatzen». Autodefentsa ere landu dute pixka bat, tratu txarren identifikaziotik hasita: «Buruestimua landu dugu, beharrezkoa baita geure buruarekiko maitasuna sustatzea, eta argi edukitzea zer nahi dugun eta zer ez».
Hitz egiteko beharra
Pilar Sampedro psikologo eta sexologoak ostiral arratsaldean eman zuen hitzaldia Alda dezagun tratua jardunaldietan; Arroyaren esanetan, hura izan zen ekitaldirik «arrakastatsuena». Sampedro Accionenred kolektiboarekin aritzen da, eskoletan harremanei buruzko hitzaldi eta tailerrak ematen. «Oso ondo funtzionatzen duten tailerrak» izaten dira, gazteek horretaz hitz egiteko behar handia dutelako: «Benetako beharra dago heziketa sentimentalaz eta afektiboaz hitz egiteko; gure harremanak kudeatzeko behar ditugun baliabideak dira». Oro har, gazteek bikote harremanei buruzko irudi oker eta idealizatuegia dutela uste du Sampedrok: «Oso lotuta dago jabetzaren ideiarekin, eloskortasuna maitasunaren seinaletzat hartzearekin. Ohikoa da pentsatzea badela patuz zuretzako propio den pertsona bat, eta bikotean modu jakin batera sentitu behar duzula, bestela ez zaudela maiteminduta… Emozioei buruzko nahasmen handia dago».
Rolek eta estereotipoek eragin handia dute bikote normaltzat jotzen den horretan. Esperotako harremana betetzen ez dela ikusteak hori kudeatzeko prestakuntza ere eskasa izaten denez, arazoei aurre egiteko zailtasunak ohikoak izaten direla azaldu du Sampedrok: «Esaterako, pertsona batek ez duenean zurekin harremanik izan nahi».
Psikologoaren ustez, ez dago harreman mota egoki bakar bat, bikote bakoitzak bere errealitatera moldatu behar duelako: «Ez daukagu errezeta magikorik. Funtsean, egiten duguna da gizarteak saltzen digun harreman ereduari buruz hausnartzea, eredu horrek oso arau hertsiak dituelako: osagai jakin batzuk eduki behar ditu, bestela ez delako bikote harremana».
Maskulinotasuna deseraiki
Larunbatean bertan behera gelditu ziren hitzaldietako bat, Eta gizonak? Zein da beraien papera gaur egun? izenekoa, Mikel Otxotorenak eman behar zuen, On:Giz elkarteko kideak. On:Giz generozko rol eta estereotipoak «deseraikitzen » saiatzen da, bereziki maskulinotasuna deitzen dioten hori definitzen dutenak.
Lehenengo, estereotipo horiek kulturalak direla, eta nola eraikitzen diren ikasi behar da: «Gizontasuna hiru ezezkotan oinarritzen da: ni gizona naiz, ez naizelako emakumea; ni gizona naiz, ez naizelako homosexuala; eta ni gizona naiz, ez naizelako umea». Horren arabera, egin behar duena eta egin behar ez duena erakusten zaio mutilari, eta besteei onartzen zaizkien ezaugarriak ukatzen zaizkio: «Sentimendu batzuekin identifikatzea, sentiberak izatea, babesa behar izatea…».
Otxotorenak azaldu duenez, rolez eragin handia dute egunerokotasunean, eta oztopo bihurtzen dira harreman osasuntsuak sortzeko orduan: «Gizonezkoei erakusten badiete, adibidez, sentimenduak ez direla kanporatu behar, edo indarkeriaren bidez kanporatzen baditugu, eragina latza izango da».
Gaur egun, «fikzioko berdintasunean » bizi dira gazteak; hori da, behinik behin, Otxotorenaren iritzia: «Legeak sortu eta aurrerapauso batzuk eman diren garaian jaio direnez, ez dute desberdintasunaren mehatxua ikusten».
Uste hori, ordea, «gortina moduko bat» baino ez da: «Atzean desberdintasunez jositako gizarte bat ezkutatzen da». Desberdintasun horretan, emakumezkoak dira kaltetuenak, baina sexismoak gizonezkoei ere kalte egiten diela nabarmendu du: «Botere harremanez ari gara, eta hor, zalantzarik gabe, pribilegiatuak gizonezkoak gara; emakumeek pairatzen dituzte egoerarik lazgarrienak. Noski, ezin dira konparatu; adibiderik garbiena indarkeria sexista da. Baina ikusi behar dugu gizarte sexistak guztioi eragiten digula, baita gizonezkoei ere».