HOMOSEXUALITATEA KIROL MUNDUA
1990ko urriaren 22an, Justin Fashanu futbol jokalariak The Sun egunkariari emandako elkarrizketa batean homosexuala zela adierazi zuen. Fashanu aldez aurretik ospetsua izan zen bere taldeak milioi bat libera ordaindu zituelako bere fitxaketarengatik, koloreko jokalari batengatik egiten zen lehen aldia. Erabaki horrekin, bere homosexualitatea adierazten zuen lehen futbol jokalaria bihurtu zen Fashanu. Gaur egun normaltzat jo genezakeen hau (oso normala ez den arren, larrutik ordaindu zuen Fashanuk. Orduan jokatzen zuen taldeak (Nottingham Forest) taldetik bota eta zaleen trufak ezezik bere taldekide eta entrenatzailearenak ere pairatu behar izan zituen. Bere anaiak, adibidez, ‘paria’ bat zela adierazi zuen. Hainbat ate jo bazituen ere ez zuen beste talderen batean kontraturik lortu eta depresioak jota, 1998an bere buruaz beste egin zuen 37 urte zituelarik.
Ordutik hona, gutxi dira bere homosexualitatea adierazi duten futbol jokalariak. Izan badira, bere kirol ibilbidea amaitu ostean pauso hori eman duten bakan batzuk, hala nola, Anton Hysen, David Testo, Jonathan de Falco, Liam Davis edota Robbie Rogers. Ikus daitekeen bezala, ospe txikiko jokalariak eta gehienak txapelketa txikietan jokatzen zutenak.
Hitzlsperger
Iaz, berriz, jokalari ezagun batek bere homosexualitatea ezagutzera eman zuen: Thomas Hitzlsperger alemaniarrak Everton talde ingelesean bere ibilbidea amaitu ostean eman zuen pauso hori. Ingalaterrako eta Alemaniako futbol federazioak dira, hein handi batean, homofobiaren aurkako pauso gehien eman dituztenak baina, hala ere, Hitzlspergerek bere karrera amaitu arte itxaron behar izan zuen bere sexualitatearen berri emateko. Aurten ere Robbie Rogers jokalari estatubatuarraren kasua ezagutu da. Ingalaterran bere kontratua amaitu ostean bere homosexualitatea aldarrikatu zuen eta bi hilabete beranduago Los Angeles Galaxyrekin sinatu zuen kontratua EE.BBetako liga nagusian jokatzeko.
Gure artean ez da bere homosexualitatea adierazi duen jokalaririk eta, oro har, ez da gai honetan gehiegi sakontzen. Athleticeko entrenatzaile ohia den Joaquín Caparrosek argi utzi zuen: “Espainako futbolean ez dago jokalari homosexualik eta, horregatik, ez dira ‘armariotik ateratzen’”.
Baina egia al da hori? Munduan diren milioi erdi jokalari profesional ingurutik bakan batzuek adierazi dute bere homosexualitatea, baina Staffordshirehan britaniar unibertsitateko ikerlari batzuek egindako azterlan batean, futbolarekin harreman zuzena duten 3.000 pertsona elkarrizketatu ondoren (jokalari, entrenatzaile, epaile eta zale, laurden batek, gutxienez, homosexuala den jokalariren bat ezagutzen zuela onartu zuen. Hala ere, inork gutxik ematen du lehen pausoa. Adituen ustetan hainbat faktore daude isilpean geratzeko eta guztiek bat datoz: zaleak ez dira arazo bakarra.
Gaur egun Ajax taldeko entrenatzailea den Frank de Boer jokalari ohiaren iritziz futbolan hain homosexual gutxi izateak arrazoi biologikoa omen du; pertsona homosexualek trebatasun motor eskasagoak omen dituzte holandarraren aburuz.
Espainiako Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Federakundeko kirol batzordeko arduraduna den Rubén Lópezek salatzen duen moduan, “estatuko futbol zelaietan erabateko inpunitatea dago gai honen inguruan. Jokalari bati bere arrazarengatik iseka egiten diotenean salaketa publikoak izaten dira baina bere sexualitatearengatik bada inork ez du ezer egiten”.
Emakumezkoen futbolean, ostera, egoera guztiz alderantzizkoa da eta nahikotxo dira lesbiana direna adierazi duten jokalariak. Munduko hiru jokalaririk onenen artean, adibidez, bik bere homosexualitatea adierazi dute behin baino gehiagotan.
Saskibaloia
Gizonezkoen kirolan homosexualitatea tabutzat jo da hainbat urtez, baina 2013an gauzak aldatzen hasi ziren, eta gizarteko beste zenbait esparruetan bezala (zinea, musika, politika…) homosexualitateaz modu irekian hitz egiten hasi zen.
Iaz, oso kasu esanguratsua bizi izan zen Estatu Batuetako saskibaloi liga profesionalean, hots, NBAn. ‘34 urteko NBAko pibota naiz. Beltza naiz. Gay naiz’. Titular horrekin zabaldu zuen Sports Illustrated aldizkari ezagunak bere iazko zenbakietako bat. Protagonista, Jason Collins jokalaria; inoiz EE.BB-ko edozein liga profesionalean bere homosexualitatea publikoki aldarrikatu duen lehen jokalaria. Washington Wizardsen kontratua amaitu eta talderik gabe geratuko zela zirudien baina, azkenean Brooklyn Nets-eko taldean aritu da aurtengo sasoian. Antza denez, Bostongo Maratoian izandako atentatuaren ondoren pauso hori ematera animatu zen Collins: “Horren ondoren gauzak behar bezalakoak izateko ez nuela itxaron behar konturatu nintzen, edozein momentutan bizitza guztiz alda baitaiteke. Beraz, zergatik ez bizi egia esanez?”
Collins ez da izan, hala ere, bere homosexualitatea publikoki aldarrikatu duen NBAko lehen jokalaria. Horrela, 2007an John Amaechi jokalariak, jada erretiratua, bere sexualitatearen berri eman zuen ‘Man in the middle’ izenburuko liburuan. Amaechiren jakinarazteak atxikimenduak eta kritikak jaso zituen antzeko mailetan. Amaechirena ez zen erabaki erraza izan, kontutan hartu behar baitugu, garai horretan, oraindik ere, homosexualen aurkako hainbat adierazpen entzuten zirela NBAko jokalarien artean. Seguruenik ezagunena Tim Hardaway jokalariarena dugu: “Homosexualak gorroto ditut, eta jendeak horren berri izan behar du. Ez ditut homosexualak gustoko, ezta beraien ondoan izatea ere. Homofoboa naiz. Ez ditut gustoko eta ez dut uste gure herrialdean edota munduan bizitzeko eskubiderik izan behar dutenik”. Adierazpen hauengatik David Stern, NBAko buruak ‘All Star’ delako partidan jokatzea debekatu zion Hardaway-ri.
Futbolean ez bezala, saskibaloian gutxi dira bere homosexualitatea aldarrikatu duten emakumeak. Kasu ezagunena (eta bitxiena) Sheryl Swoopes jokalari estatubatuarrarena dugu. Jokalari hau emakumezkoen Michael Jordan ezizenarekin ezaguna zen eta, esan bezala, bere kasua bitxia da. Izan ere, Swoopesek institutuko bere mutil-lagunarekin ezkondu eta seme bat izan zuen. 2005an, hala ere, bere sexualitatea aldarrikatu eta bere jolaskidea zen Alisa Scottekin zela adierazi zuen.
Tenisa
Denboran atzera egingo bagenu, kirolari homosexual ospetsuenen lehen postuan Martina Navratilova tenis jokalari txekiarra aurkituko genuke. Navratilovaren kasua aski ezaguna zen ia halako kasurik ematen ez zen une batean. Emakumezkoen tenisean ere Amelie Muaresmo jokalari frantziarraren kasua ezaguna izan zen. 1999an, 19 urte zituelarik, Muaresmo Australiako Irekiaren finalera iritsi zen. Bere aurkaria, Martina Hingis suitzarrak, Muaresmo ‘ez zela emakumea, erdi-gizona baizik’ adierazi zuen eta Muaresmok bere homosexualitatea aldarrikatzera ‘behartu’ zuen. 2004an rankinegeko lehen postuan izan zen eta, besteak beste, 2006ko Wimbledon txapelketa irabazi zuen. 2009an erretiratu zen.
Bere homosexualitatea aldarrikatu zuen lehen mailako beste tenislari ospetsua Jana Novotna txekiarra izan zen.
Transexualitatea
Kirol munduan ezagutzen diren transexualitate kasu bakanetakoa Robert Millar txirrindulari eskoziarrarena da. Millar-ek gailurra jo zuen 1985ko Espainiako Itzulian Perico Delgadoren aurka galdutako lehian. Hamaika urtez txirrindularitza profesionalean aritu ostean Millar tropelatik ezezik bizitza publikotik ere desagertu zen. Zenbait urte beranduago, kazetari batek Millar-en ibilbidea arakatzen hasi eta hau, sexu aldaketarako ebakuntza baten ostean, Phillippa York bilakatu zela aurkitu zuen.
Eskoziako txirrindularitzak badu Graeme Obree-ren eskutik homosexualitate kasu esanguratsu bat ere. Obree munduko pista txapelduna eta orduko errekormana izan zen baina bizikleta gainean lortzen zuen poza sufrimendua bilakatzen zen eguneroko bizitzan. Depresioak jota Obree bitan saiatu zen bere buruaz beste egiten eta 2011an, homosexuala zela aldarrikatu zuen. Bere bizitza eta sufrimendua ‘The flying Scotsman’ izenburuko pelikulan jasotzen da.
Adituen esanetan, asko dira bere homosexualitatea ez aldarrikatzeagatik sufrimendu handia duten kirolariak. Kasu gehienetan, kirolari hauek guztiak hain beharrezkoak dituzten babesleak galtzearen beldur dira. Bere homosexualitatea aldarrikatzeagatik babesleen ihesa pairatu duen kirolari ezagun bat Greg Louganis tranpolin saltatzailea dugu. Louganisek 1994an bere homosexualitatea aldarrikatu zuen Olinpiar Jokoetan hainbat urrezko domina irabazi ostean eta ordurarte izandako babesle gehienek bertan behera utzi zuten bere babesa.
Ronaldo futbol jokalari brasildarrak ere 50 milioi eurotako publizitate kontratua galdu zuen transexual batekin harremanak izan omen zituenaren zurrumurrua zabaldu ondoren.