Koito osteko pilula errazago eskuratu ahal izango da

Onartzear den Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Legeak koito osteko pilula eskuratzea erraztuko du Estatu osoan. Osasun-zentroetan eta sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuetan doan lortu ahal izango da eta, gainera, farmazia guztiak behartuak daude hura izatera.

Abuztuaren amaieran, Espainiako Ministroen Kontseiluak argi berdea eman zion Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko lege-proiektuari, osasun publikoan haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea blindatu nahian. Orain, aipatu lege-proiektua Madrilgo Gorteetan izapidetu beharko da.

Legea indarrean sartzen denean, 16 eta 17 urteko gazteek dagoeneko ez dute haurdunaldia borondatez eteteko baimenik eskatu behar izango eta, beraz, indargabetu egingo da PPk indarrean jarraitzen duen 2010. urteko legearen aldaketan 2015. urtean sartu zuen baldintza. Era berean, lege berriarekin, osasun publikoa izango da haurdunaldia eteteko erreferentziazko sarea.

Kontzientzia-objektore

Legeak ate bat zabaltzen die haurdunaldi eteteak egin nahi ez dituzten medikuei. Kontzientzia-objektore erregistro bat eratuko da eta bertan izena ematen duten medikuek ez dute horrelako ebakuntzarik egin behar izango. Erregistroan diren horiek ezin izango dituzte haurdunaldiak eten sare pribatuan.

Aldi berean, lege-proiektuak koito osteko pilula doan lortzeko aukerak zabaltzen ditu. Horrela, ospitaleetan eta osasun-zentroetan ez ezik, pilula sortu berriak diren sexu- eta ugalketa-osasun zentroetan ere lortu ahal izango da.

Izan ere, legea onartu ondoren, koito osteko pilula doan emango da osasun-zentroetan, eta pilula hori ez duten farmaziak zigortzeko aukera ere aurreikusten da. Jada zenbait autonomia erkidegoetan araututa zegoen bezala, lege berriarekin estatu osoko farmazia guztiek koito osteko pilula izan beharko dute.

Koito osteko pilularen inguruko mitoak eta amen-omenak

2001. urteko martxoan Espainiako Medikamentu Agentziak baimendu zuen koito ondoko pilula, ‘biharamuneko pilula’izenaz ezagunagoa. Urte horretan bertan, maiatzean, hasi zen merkaturatzen.

Ordutik hona, medikamentu horrek hainbat amen-omenei egin behar izan dio aurre. Adibidez, hamar emakumetik lauk uste dute pilula abortu-eragilea dela uste du, baina komunitate zientifikoak behin eta berriro errepikatu duenez, pilula horrek efektu anobulatorioa du eta, beraz, ez du zer ikusirik abortuarekin. Emakumeen erdiek baino gehiagok (% 56) ez dakite nola funtzionatzen duen metodo horrek. Koito osteko pilulak obulazioa atzeratzen du eta, hortaz, ez du haurdunaldirik eteten. Hamar emakumetik seik uste dute koito osteko pilulak ernalezintasuna eragin dezakeela askotan erabiltzen bada, nahiz eta hori frogatzen duen ebidentziarik ez egon. Gainera, emakumeen erdiak baino gehiagok (% 54,5) uste du sexu-harreman arriskugarri baten ondorengo 24 orduetan bakarrik har daitekeela. Denbora-tarte hori da eraginkorrena, baina 120 ordu geroago ere har daiteke.

2021eko maiatzean argitaratutako eta 40dB enpresa demoskopikoak HRA Pharma enpresa farmazeutikoarekin lankidetzan egindako “Emakumeen Osasun Sexualari buruzko Inkesta” azterlanaren arabera, emakumeen laurdenak uste du koito osteko pilula hiru aldiz bakarrik har daitekeela bizitzan zehar.

Baina zenbateraino erabiltzen dira pilula horiek? Espainiako Kontrazepzio Elkarteak (SEC), 2020. urteko “Espainiako Kontrazepzio Inkesta”n jasotako datuen arabera, sexu-harremanak dituzten emakumeen % 38k erabili du noizbait biharamuneko pilula eta 15 eta 24 urte bitartekoen artean % 40 inguruk. Hau da, ez dago koito osteko pilulak hartzeko ilararik, eta emakumeek ez dituzte horiek gominola gisa hartzen.

Obulazioa atzeratu

Espainian, hurrengo eguneko pilula bi printzipio aktiboren arabera banatzen da. Batetik, 1,5 mg-ko lebonogestrela eta 30 mg-ko ulipristal azetatoa. Biak dosi bakarreko formatuan banatzen dira eta era berean jokatzen dute: obulazioa atzeratzen dute, muki zerbikala lodituz eta espermatozoidearen eta obuluaren arteko elkartzea saihestuz. Beraz, ez da inoiz haurdunaldia eteten. Emakume batek bere obulua ernaldu ondoren hartzen badu pilula, ez du eraginik izango.

Gehien erabili ohi den pilula lenobogestrel printzipio aktiboan oinarritzen den hori da. Gure artean  bi marka ezberdinen bidez merkaturatzen da: Norlevo eta Postinor. Pilula hori harremanak izan eta 72 orduko epearen barruan hartu behar izaten da.

Ulipristal azetatoan oinarritzen den pilulak, berriz, bost eguneko eraginkortasuna du. Azken belaunaldiko molekula bat da eta 2015. urteaz geroztik EllaOne markaren bidez merkaturatzen da.

Bestelako aukerak

Nahi ez den haurdunaldi baten aurrean, Espainian badira beste botika batzuk ere, arrisku-koitotik igarotako denboraren arabera eskaintzen direnak.

Adibidez, hirugarren aukera bat kobrezko Umetoki Barneko Gailua (UBG) da. Gailu horrek kontrako giroa sortzen du endometrioaren barruan, eta horrek ezarpena zaildu egiten du.

Aurreko beste bi metodoak bezala, hirugarren hori ere ez da abortiboa, obuluaren ernalkuntza aurretik soilik  baitira eraginkor.

Lege berriak emakume askori pilula hori eskuratzeko aukera emango die, nagusiki emakume gazteei. Izan ere, ikusi ahal izan denez, ostiral batean arrisku-koito bat zuten gazte batzuek nahiago zuten astelehenera arte itxaron, osasun-zentroan pilula doan lortzeko eta farmazian 20 euro ez ordaintzeko. Hori egiten denean, pilularen eraginkortasuna nabarmen jaisten da, bere eraginkortasuna % 95ekoa baita lehen 24 orduetan, baina bizpahiru egunetara % 58raino jaisten da.

Osasunaren Munduko Erakundearen esanetan, lenobogestrela oinarri duen pilulak ez du kontraindikaziorik nahiz eta behin baino gehiagotan hartu. Gainera, pilula hori egokia da adin guztietako emakumeentzat. Hori esanda, kontuan izan behar da koito osteko pilulak ohiko zikloa aldatzen duten hormonak dituela.

Pilula horien erabilerak ez du, inolaz ere, bestelako ohiko antisorgailuen erabilera ordezkatu: kondoia, pilula antisorgailua, UBG, eraztuna edo partxe antisorgailua. Koito osteko pilula bakarrik aurreko horietako batek huts egin duenean erabili beharko litzateke. Erabili ohi dugun antisorgailuak huts egiten duenean dugun bigarren aukera bat da.

FUENTE: gazteberri.eus