Leku intimoetan, ilerik bai ala ez?
Pubiseko ilea depilatzea erabakitzen baduzu, kontuan hartu ile horiek funtzio bat betetzen dutela.
Duela gutxi, lagun batekin kafe bat hartzen ari nintzela, harrituta esan zidan gimnasioko ia emakume guztiek pubiseko ileak depilatuta zeuzkatela. Ile horiek gizaki helduon ezaugarri bat dira eta hainbat funtzio betetzen dituzte. Horregatik, osasun intimo on baterako beharrezkotzat jotzen dira. Hala ere, nire lagunak gimnasioko aldagelan egiaztatu ahal izan zuen bezala, modan jartzen da ile horiek depilatzea eta, emakumeoi gorputzeko beste atal batzuetako ileekin gertatzen zaigun bezala, besapeetako ileak adibidez, ez dago ‘ongi ikusia’ bilo pubiko ugaria izatea.
Azken urteetan pubiseko ileak depilatzeko joera nagusitzen ari da, bereziki, emakumeon artean. Depilazioa erabatekoa edo partziala izan daiteke, ile publikoa oso ugaria izan ez dadin. Joera hori egun indarrean den edertasun-kanonen ondorioa da eta, neurri batean, baita pornografiarena ere, eduki horietan azaltzen diren aktoreak, sarritan, guztiz depilatuta azaltzen baitira.
Pubiseko ileen funtzioa
Baina hasieran azaldu dudan moduan, ile horiek funtzio garrantzitsuak betetzen dituzte. Lehenik eta behin, oso sentikorra den genitalak bezalako eremuan den azala igurtzimenduaren eta narritaduren aurka babesten dute. Pubiseko ileek, adibidez, arropak eragin ditzakeen kalteen aurrean babesa ematen du, baita harreman sexualetan ere.
Gainera, ile horiek kaltegarriak izan daitezkeen mikroorganismoen aurrean ere babesa ematen dute. Funtzio hori oso garrantzitsua da sexu-osasun ona izateko, bakterioak, onddoak edo gure gorputzarentzat kaltegarria den beste edozein agente sartzea saihesten baitu. Izan ere, pubiseko ileek osatzen duten sareak mikroorganismoak eta bestelako partikulak ‘harrapa’ ditzake gure gorputzean sartu baino lehen. Modu horretan, hainbat gaixotasun saihesten dira eta bakterio-floraren oreka osasuntsua mantentzea ahalbidetzen du.
Gizonen kasuan, pubiseko ileek genitalen tenperatura erregulatzen laguntzen dute. Genitaletan tenperatura egokia izatea ezinbestekoa da ugalketa-ekintza behar bezala mantentzeko. Gizonen genitaletan tenperatura aldaketa handiak ematen badira ugalketa-funtzioa kaltetuta gera daiteke. Izan ere, hainbat kulturatan, pubiseko ilea ezaugarri erotikoa eta sentsuala da eta zenbat ugariagoa izan orduan eta sexu-desira handiagoa.
Hortaz, pubiseko ilea depilatzea erabakitzen baduzu, kontuan hartu ile horiek funtzio bat betetzen dutela. Ez gara ile pubikoez lotsatu behar, gure gorputzaren ezaugarri bat dira eta normaltzat hartu behar ditugu.