Orgasmo-arrakala

Sexu-harreman osoen, hots, koitoa ematen den horien ‘arrakasta’ bikotekide bakoitzak bere gorputzaren inguruan duen ezagutzaren eta une horretan bikotekideen artean ematen den komunikazioaren baitan dago. Agerikoa denez, gizonen eta emakumeen artean alde fisiologiko handiak daude. Ondorioz, orgasmoa modu eta denbora ezberdinetan lortzen da.

Koitoa eta masturbazioa

1986. urtean, Shere Hitek sexu-harreman osoen inguruko azterlan bat burutu zuen. Bertan ikusi ahal izan zuenez, horrelako harremanetan emakumeok ez gara beti orgasmora iristen. Are gehiago, azterlan horren arabera, horrelako harremanetan emakumeen % 18,4 bakarrik iristen dira orgasmora. Ostera, gizonen kasuan, % 98 iristen da orgasmora koitoaren bidez. Zergatik gertatzen ote da hori? Lehenik eta behin, ulertu behar dugu plazera eragiten diguten puntuak gure gorputzaren puntu ezberdinetan aurkitzen direla. Bestalde, gizonen kasuan, haien sexualitatean genitalizazioak garrantzi handiegia du.

Hiteren azterlan horrek beste ondorio interesgarri bat utzi zuen. Ikusi dugun bezala, emakume gehienak ez dira orgasmora iristen koitoaren bidez, baina, Hitek ikusi ahal izan zuenez, masturbazioari esker orgasmora iristen diren emakumeen kopurua biderkatu egiten da. Ondoren egin diren zenbait ikerlanek frogatu dutenez, masturbatzen diren emakumeek erraztasun handiagoa omen dute koitoaren bidez orgasmora iristeko. Era berean, penetrazioa eman aurretik egiten diren aurretiazko jokoek zer esan handia dute ondoren lortuko den esperientzian.

Orgasmo-arrakala

Ikusi dugun moduan, emakumeak eta gizonak orgasmora iristeko modu ezberdinak ditugu. Eta zer gertatzen da denborarekin? Ikerketa ezberdinek azaldu dutenez, gizonek, batez beste, 5-6 minutu behar dituzte orgasmora iristeko. Emakumeen kasuan tarte hori 13-14 minutukoa da, hots, bikoitza baino gehiago. Hemen, agerian geratzen denez, bi sexuen arteko arrakala batekin egiten dugu topo. Hala ere, gai horren inguruan gehiago sakondu beharko litzateke, alde batetik aztertu diren pertsonak ia bere osotasunean heterosexualak direlako eta, bestalde, orgasmora iristeko aztertu den ia bide bakarra koitoa delako.

Gizon eta emakumeen artean den orgasmo-arrakala murrizteko, nire ustez, ezinbestekoa da bikotekideen arteko komunikazioan sakontzea eta praktikatzea. Puntu honetan ezinbestekoa iruditzen zait gogoratzea eta azpimarratzea asebetetze sexuala ez dagoela soilik orgasmoaren baitan. Hainbat pertsonentzat garrantzitsuagoak dira konfiantza, komunikazioa eta bikotekideen arteko maitasuna.

FUENTE: gazteberri.eus