12.750 bonu Bizkaian, kultura produktuak eta ikuskizunak merkatzeko
Abenduaren 12an, kultura bonuaren kanpaina abiatuko dute Bizkaian: 12.750. ale jarriko dituzte salgai, kultura produktuak edo ikuskizunetarako sarrerak erosteko.
Bizkaiko Kultur Txartelaren laugarren edizioaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak kultura gai eta ikuskizunetan beherapenak eduki ahal izateko 12.750 bonu jarriko ditu salgai. “Kultura sektorea bultzatzeko” jaio zen kanpaina, “BEZaren igoeraren ondorioz ez baitzen bere unerik onenean”, eta edizio guztietan “Gabonetan kultura sektorea nabarmen sustatzeko” balio izan du harrezkero, Lorea Bilbao Kultura diputatuak esan duenez, salmentak “laukoiztu egiten baitira”.
Aurtengo bonuak abenduaren 12an jarriko dituzte salgai, eta urtarrilaren 28ra arte erosi ahalko dira, urtarrilaren 31 baino lehen erabiltzeko betiere.
Aurrekoetan bezala, hiru motatako txartelak jarriko dituzte salgai. 32 eurokoa beste bi kategorietan ez dagoen edozein kultura produktu erosteko erabili ahalko da.
Beste bi txartelek 28 eta 24 euroko balio izango dute. Lehengoarekin, zinemarako, antzerkirako, musikaletarako edo museoetarako sarrerak erosi ahalko dira, gaztelaniaz edo atzerriko beste hizkuntza batean direla. Hirugarren aukera, 24 eurokoa, euskarazko produktuak edo euskarazko ikuskizunetarako sarrerak erosteko izango da.
Hiru txartelekin 40 euroko gastua egin ahalko da, kanpainarekin bat egiten duten saltokietan. Liburuak (profesionalek eta testu liburuak izan ezik), musika edozein euskarritan, kontzertuetarako eta museoetarako sarrerak, filmak, zinemarako eta musika, dantza eta antzerki ikuskizunetarako sarrerak erosi ahalko dira.
INFORMAZIO ITURRIA: www.eitb.eus