Sexua ez da bakarrik penetrazioa; sexua ez dagokie bakarrik genitalei: sexua gu geu gara. Sexudunak gara; hots, emakume eta gizonak.
Berdin zaigu emakumea ala gizona izatea, den-denok baitaukagu bestearen zerbait: sexuartekoak gara denok. Zeuregan miatuz gero, topatuko duzu ez zarela guztiz arrosa, ez eta guztiz urdina ere.
Sexuak bi baino ez dira; bion konbinazioak, ordea, mugagabe eta zenbatu ezinak. Gizonezko batzuek emakumeak maite dituzte eta beste batzuek, aldiz, gizonezkoak. Emakumezko batzuek gizonezkoak maite dituzte eta beste batzuek, aldiz, emakumezkoak. Gizonezko batzuek hilekoa dute, eta titiak ere bai. Emakumezko batzuek, berriz, zakila eta barraskilak dituzte. Gizonezko batzuk sentikorrak dira, hunkiberak, enpatikoak eta intuizio handikoak. Emakume batzuk, berriz, indartsuak dira, oldarkorrak, lehiakorrak eta dedukziorako ahalmen handikoak.
Sexuek elkarrekin bizi behar dute ezinbestez lantegietan, plazetan, eskoletan, oheetan… eta gizaki guztion barnean. Baina elkarbizitza hori ez da beti harmoniatsua. Hainbatetan gerran dabiltza elkarrekin eta denok gara gerra horren galtzaile.
Sexuak bereiztu egiten gaitu eta aniztasuna sortzen du. Sexua egitatea da, balioa. Sexuak berezi eta munduan paregabe sentiarazten gaitu.
Berezi eginda, bada, “besteetan besteenak” erakartzen gaitu. Aniztasuna da erakartasunaren oinarria. Ez zaigu gustatzen beste guztiak bezalakoa dena, bestelakoa dena baizik, desberdina delako eta desberdin sentiarazten gaituelako.
Gure gorputz osoa, zelula guztietan, da sexuduna. Sexua gorputz barneko txoko guztietan dugu. Dena den, matrikula bila hasi behar bazara, genitaletan barik, begiratu burmuinean, burmuinean bizi baita sexu-identitatea, hau da, emakume ala gizon izateko sentimendua, eta horrexek bereizten gaitu eta ez beste edozerk.
Emakumeak eta gizonak guztietan gara desberdin, genitaletan izan ezik.
Jaiotzetik bertatik hil arte, beriztuz goaz apurka-apurka ekamume eta gizonok. Bizitzea sexudun bilakatzea da.
Aintzinako Greziaren kulturan Eros jainkoa zen; jainko txikia, kapritxoso eta bihurria, baina jainkoa, azken batean. Erotikak bestearen nahia, desioa aipatzen du: fantasia eta maitasuna, alegia.
Desioa motor baten antzerakoa da, bestearen bila bultzatzen gaitu. Eta beste hori benetakoa ala irudipenezkoa izan daiteke.
Fantasiaren eremuan den-dena da posible. Fantasia errealitate egiten denean, berriz, utzi egiten dio fantasia izateari eta hainbatetan frustrazio bilakatzen da.
Ars Amandik (Maitatzeko Artea) keinu eta harreman erotikoak aipatzen ditu: hots, nola begiratzen diegun besteei, besteek nola begiratzen diguten, nola ukitzen ditugun, nola ukitzen gaituzten, horizontalean, bertikalean, nola janzten garen, nola biluzten garen, nola mugitzen garen…
Maitatzeko arteak posibilitate ugari zabaltzen ditu: nortzuk?, zer?, nola?, noiz?, zenbat?, non?, zertarako?, zergatik?
Jokabide erotiko adina gorputz, desio eta plazer dago munduan. Hona hemen zerrenda bat: musua, fereka, begirada, masajea, kili-kiliak, berbak, xuxurla, hasperena, ausikia, zapladatxoa, putza, atximurra, milika, masturbazioa, cunnilingus, felazioa, penetrazioa… Horra hor “zer” batzuk, baina gero badaude halaber nola, noiz, zenbat, non…
Jolas eta jostailu erotikoak ere badaude, baina, batez ere, jostariak gaude eta jostariek badakite jolasen berri eta jostatu, jolastu nahi dute. Eta elkarren berri badakite eta elkarrekin jolastu nahi badute, hainbat hobe. Trebezia, atsegintasuna, alaitasuna, begirunea, samurtasuna eta irudimena arras osagai garrantzizkoak dira jolas erotikoetan.
Giza organo sexualik inportanteenak larruazala eta burmuina ditugu. Larruazalean milaka nerbio-bukaera dugu eta den-denak prest daude sentsazioak harrapatu eta hedatzeko. Burmuinak, berriz, sentimenduak sortzen ditu eta zentzua, esanahi sinbolikoa ematen dio esperientziari. Erabil itzazu biak.
Gozatu bidaiaz eta ez pentsa bakarrik helmugan.
Inondik inora ez bazoaz, inongo lekutik igarota, harritu egingo zaituzte xehetasunek, bazterrek, zimurrek.
Maitasunak ez diezazula sexua zapuztu; sexuak ez diezazula maitasuna zapuztu. Afektua eta gozamena, sentimenduak eta sentsazioak primeran konpontzen dira elkarrekin. Hainbatetan, sexuaren bila zabiltzala, maitasuna topatuko duzu; eta maitasunaren bila zabiltzala, sexua topatuko duzu. Baina inportanteena ez da ongi hastea, ongi bukatzea baizik.
Neska bazara, ezagutu ezazu zeure klitoria eta ezagutzera eman. Mutila bazara, atera ezazu klitoria maneiatzeko karneta. Lortu ezean, maitale eskasa izango zara.
Esaterako, harreman erotikoan aritu, baina PENETRAZIORIK GABE, ez baginan, ez ahoan, ez eta ipurdian ere. Horren ordez, ferekak, musuak, elkar masturbatu…. Haurduntzerik ez dakarten beste gaineako jarduera erotikoak, azken batean.
PENETRAZIOAZ ere (baginan, ahoan edo ipurdian) praktika daiteke sexu segurua, beti ere PRESERBATIBOA (femeninoa ala maskulinoa) erabilita.
Aho sexua (felazioa eta cunnilingus) hobe BABESGARRIAZ egiten badugu. Ez da penetrazioa bezain arriskutsua, baina baginako jarioa edo hazia, ahoan sartuta, kutsagarriak izan daitezke. Aizu, galdera bat: ba al dakizu kondoia ahoaz jartzen?
Ez ahaztu penetrazioa askoz arriskutsuagoa dela emakumeentzat, hiesaren eta sexu bidez kutsatzen diren beste hainbat gaixotasunen birusa hartzeaz gain, haurduntzeko arriskua ere badakar-eta.
EZ GAIXOTZEKO. Sexu bidez harrapatzen diren gaitzek (hiesa, hepatitis B eta C etab.) sendabiderik ez daukate edo nekez sendatzen dira.
EZ HAURDUNTZEKO, batez ere haurdundu nahi ez baduzu edo horretarako prest ez bazaude.
JOLASTEKO. Kondoia jostailua ere izan daiteke.
Sexualitatea sexuaren kalitatea da; hau da, emakumea ala gizona izateko bizipena. Gaitza da definitzen; zerikusia du gorputzarekin, aldartearekin, emozio, bizipenekin, har-emateko moduarekin… Kontzeptu abstraktua da eta zure sexuarekin zerikusia duen guztia hartzen du. Zure maskulinitatea da, edo zure feminitatea, zeuri bakarrik eta beste inori ez dagokiona.
Sexualitatea eta ugalketa ez dago nahasterik. Ugalketa sexualitatea da, baina identitatea, elkarbizitza, plazera, desioa eta maitasuna ere badira sexualitatea.
Sexualitateak zerikusia du gorputz, desio eta plazerarekin. Ez pentsa genitalak, koitoa edo orgasmoa besterik ez dela. Askotan genitalek ez digute uzten sexua ikusten.
Giza sexualitateak lehen mailako zeregina du (desberdintasuna eta aniztasuna sortzea) eta bigarren mailako beste hiru zeregin ere bai: gozatzea, ugaltzea eta har-ematea.
Oso inportantea da benetan zaren mutila edo neska ezagutu eta onartzea eta nork bere burua horrelaxe adieraztea.
Ona da emakume sentitzea; ona da, halaber, gizon sentitzea. Bata ala bestea garen neurrian, emakumeak ala gizonak (gizakiak, azken batean) nahi ditugu, homosexual, heterosexual ala bisexual garelarik.
Ezagutu ezazu zeure burua eta ezagutu ezazu bestea ere bai. Zaren bezalaxe maita ezazu zeure burua eta den bezalaxe maita ezazu bestea. Anitza zarelarik onar ezazu zeure burua eta anitza delarik onar ezazu bestea.
Esperientzia positiboa, dudarik gabe, baldin eta nahi duzuna egiten baduzu, noski, nahi duzunarekin, nahi duzun moduan eta nahi duzun unean. Askatasuna dabil hemen edonon. Inork ere ez zaitzala menderatu.
Disfrutes de tu cuerpo y del de otras personas.
Zeure gorputzaz eta besteenaz gozatuko zara.
Hobeto egingo duzu lo.
Guztiz lasaituko zara.
Ongi sentitulo zara.
Ariketa fisikoa egingo duzu.
Irribarre eta barre egingo era eragingo duzu.
Inhibizioa kenduko duzu soinetik; beldurra, lotsa eta nazka bazter utziko dituzu.
Sexuaz hitz egingo duzu. Pentsatu, gogoeta egingo duzu eta zeure bizipena ebaluatu.
Irudimena eta sormena jarriko dituzu martxan.