Zabalik da Bilboko Aste Nagusiko pop-rock lehiaketan izena emateko epea

Bizkaiko musika taldeei bultzada ematea helburu duen lehiaketa honetan talde oso ezagunek hartu dute parte: Zea Maysek, We Are Standardek eta porco Bravok, kasu.

Bilboko Udalak ireki du jada Aste Nagusiko Tokiko Pop-Rock Erakustaldian izena emateko epea. Parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da gutxienez taldekideetako bat Bizkaian erroldatua egotea. Baldintza hori betez gero, ekainaren 25era arte eman ahal izango dute izena parte-hartzaileek, Bilboko Udalaren webgunean. Lehiaketaren helburua da musikaren munduan barneratu nahi duten Bizkaiko taldeei bultzada ematea.

Estiloari dagokionez, aipatzekoa da metal, pop eta rock musika ardatz duten estilo guztiak onartuko dituztela, eta emakumezkoekin osatutako taldeek zein euskaraz abesten duten musikariek abantaila izango dutela, aukeraketa egiteko orduan.

Orain arte talde ezagunek hartu dute parte lehiaketan: besteak beste, We Are Standardek, Zea Maysek, Idi Bihotzek, Atom Rhumbak, Audiencek eta Porco Bravok. Guztira, 2.000 taldetik gora aurkeztu dira, eta horietatik 326k, Aste Nagusian, ehunka ikus-entzuleren aurrean aritzeko aukera izan dute.

Nola parte hartu

Izena emateko orduan, gutxienez lau abesti aurkeztu behar dira, baita taldearen biografia, argazkia eta harremanetarako datuak ere. Halaber, garrantzitsua da abestien hizkuntza,  estiloa eta kideen izen-abizenak zehaztea.

Kontzertua

Aukeratutako taldeek 45 minutu inguruko emanaldia eskainiko dute Bilborock aretoan.

INFORMAZIO ITURRIA: www.eitb.eus