Zinebik 98 herrialdetako 3.183 film jaso ditu 59. ediziorako
Azaroaren 10etik 17ra egingo dute film dokumentalen eta film laburren Bilboko jaialdia.
Zinebi Bilboko Udalak antolatzen duen Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azaroaren 10etik 17ra ospatuko du 59. edizioa. Lanak aurkezteko epea bukatuta, 98 herrialdetatik heldutako 3.183 film jaso ditu.
Jaialdiaren arduradunek jakinarazi dutenez, Euskal Herriko 70 film jaso dituzte; gainerakoan, Espainiako Estatutik 609 film heldu dira, Frantziakotik 417, Alemaniatik 238, Brasildik 156, Mexikotik 130, AEBtik 112, Argentinatik 101, Erresuma Batutik 92, Italiatik 75, Kolonbiatik 68, Txiletik 47, Venezuelatik eta Kubatik 11na eta Uruguaitik 10.
Zinema produkzio urria eta mendebaldeko ikus-entzuleentzat ezezaguna duten herrialdeen artean, Albania (1), Armenia (1), Azerbaijan (2), Arabiar Emirerri Batuak (9), Irak (3), Kazakhstan (1), Kosovo (2), Letonia (2), Malaysia (3), Namibia (2), Nepal (2), Hegoafrika (3) eta Thailandia (1) daude.
Halaber, film horien generoari dagokionez, Zinebiren araudian ezarritako hiru kategoriak kontuan izanda, fikziozko 1.870 lan (% 58,76), 935 dokumental (% 29,37) eta animaziozko 378 (% 11,87) aurkeztu dituzte.
Kartela
Bestalde, Oscar Mariné diseinugile eta marrazkilariak egin du Zinebiren 59. edizioko kartela, eta John Huston zuzendari, gidoilari eta antzezle estatubatuarra du protagonista, 1987ko abuztuaren 28an hil zenetik 30 urte bete berri direnean.
INFORMAZIO ITURRIA: www.eitb.eus