!!!, Rayden, Belako eta Revolta Permanent, Mundaka Festival jaialdian
Bizkaiko kostaldean ospatuko den jaialdian Bunbury, Depedro eta Fink musikariek ere joko dute
Mundaka Festival jaialdiak lau izen berri iragarri zituen atzo, uztailaren 27tik 29ra ospatuko den laugarren ediziorako. !!! (Chk Chk Chk), Rayden, Belako eta Revolta Permanent bandak Bizkaiko kostaldean izango dira. Talde hauek aurretik iragarritako Bunbury, Fink eta Depedrori gehitu zaizkie egitarauan.
!!! (Chk Chk Chk) taldeak «dantza orkestraren estrategia» mantendu du urteetan, eta dagoeneko ‘New York hiriko elezahar’ bihurtu da. ‘Shake The Shudder’ da taldearen azken lana, 2017an argitaratua. Punk sustraietatik sorturiko diskoa da, eta elektronikaren eragin trasatlantikoak gehitzen ditu. Jaialdiaren antolatzaileek nabarmendu dute zuzeneko taldea dela, baina, «ulertu ahal izateko, barnean sentitu» behar dela.
Bestalde, Rayden David Martinez madrildarraren ezizena da. Ez du rap egiten, eta iaz azaldu zuen zeintzuk diren bere oinarriak ‘No hago Rap’ abestiarekin. ‘Antónimo’ azken diskoaren aurrerapen bat ere izan zen kanta hori. Diskoa Raydenen ezinegonetik eta Ale Acosta ekoizlea estudioan topatzetik atera da. Acostak Fuel Fandango, Chambao edo Mojo Project taldeekin egin du lan.
Halaber, Belako laukote mungiarra aurki kaleratuko duen ‘Render Me Numb, Trivial Violence’ disko berriarekin izango da Mundakan. 2017ko irailetik urte bukaerara bitartean 30 kontzertu inguruko bira luzea egin zuen taldeak munduko hainbat tokitan. RNEko ‘El Ojo Crítico’, Rolling Stone, Iberian Music Awards edo Musikaren Sariak irabazi ditu laukote bizkaitarrak, besteak beste, eta Primavera Sound, FIB, Mad Cool eta Bilbao BBK Live moduko jaialdietatik igaro da.
Azkenik, Revolta Permanent talde barakaldoarra ere disko berriarekin izango da Mundaka Festival jaialdian: ‘Ultravioleta’. Diskoa eta dokumentala biltzen dituen proiektu osoa da. Zortzi ekoizle ezberdinek indarrak batu dituzte diskoan, «zerbait berezia eta ezberdina egiteko». Zortzi kanta berrik osatzen dute lana, eta bakoitza produktoreetako batek nahastu du.
INFORMAZIO ITURRIA: www.elcorreo.com