Martxoaren 19an iritsiko da zinemetara “Dardara” Berri Txarraken azken birako filma

Marina Lameiroren bigarren film luzeak Berri Txarrak taldeak munduko hainbat txokotako jarraitzaileengan utzitako arrastoa du erakusgai.

“Dardara” Marina Lameiro nafar zinemagileak Berri Txarraken “Ikusi Arte” agur biran filmatutako pelikula martxoaren 19an iritsiko da zinema aretoetara, aste horretan bertan, martxoaren 15ean, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioa zabaldu eta gero.

2019an, bere 25 urteko ibilbidearen une arrakastatsuenean, Berri Txarrak rock taldeak etenaldi mugagabea iragarri zuen, eta biran aritu zen urte horretan zehar, mundu osoko jarraitzaileak agurtzeko.

Marina Lameiro zinegileak bertatik bertara jarraitu zuen bira hori eta bertan jasotakoak, nola jarraitzaileen lekukotasunak hala Gorka Urbizu taldeko gitarrista eta abeslariaren hausnarketak.

EITBren parte-hartzea duen filmaren egileen hitzetan, “Berri Txarrakek utzitako arrastoa ikusiko dugu, nola lortu duten estilo bat —rocka—, hizkuntza bat —euskara— eta belaunaldi bat —bere kideena— gaindituz, fenomeno unibertsal bihurtzea”.

INFORMAZIO ITURRIA: eitb.eus

¿Quieres dejar un comentario?