Sapiosexualitatea: fisikotik haratago doan erakarpena

Zenbait kasutan, ezaugarri fisikoak baino sexualki erakargarriagoak gerta dakizkiguke aurrean dugun pertsona horren adimena eta burua.

Azken urteetan gero eta ohikoagoa bilakatzen ari omen den orientazio baten inguruan hitz egingo dizuet: sapiosexualitatea.

Normalean, fisikoki erakargarriak iruditzen zaizkigun pertsonek erakartzen gaituzte sexualki. Hala ere, zenbait kasutan, ezaugarri fisikoak baino sexualki erakargarriagoak gerta dakizkiguke aurrean dugun pertsona horren adimena eta burua.

Sapiosexualitatea terminoa 1998an azaldu zen lehenengoz. Walter R. Tróchezek ‘Sapiens’ eta ‘sexual’ terminoak batu zituen beste pertsona batzuen adimenarekiko eta buruarekiko erakarpenean oinarritutako sexu-orientazioa deskribatzeko. Trochezek asmatutako hitza ofizialki onartuta ez dagoen arren, gero eta ohikoagoa omen da orientazio hori duten pertsonak aurkitzea. Bere burua sapiosexualtzat jo dituzten pertsonaia ospetsuen artean aurkitzen dira, adibidez, Emma Watson, Natalie Portman edo Elon Musk.

Sapiosexualitatea

Generoak, sexu-orientazioak edo genero-identitateak ez dute orientazio hori mugatzen; edonor izan daiteke sapiosexuala. Horren inguruko ikerketarik ez dagoen arren, badirudi orientazio hori ohikoagoa omen dela emakumeen artean gizonen artean baino. Horretan, seguruenik, gizartean nagusi diren hainbat estereotipo eta itxaropenek eragin dute. Izan ere, gizonen artean ohikoagoa omen da ikusmenarekin eta fisikoarekin kitzikatzea. Emakumeen artean, berriz, entzumenak garrantzi handiagoa omen du eta, ondorioz, ez omen diote fisikoari hainbesteko garrantzirik ematen.

Garrantzitsua da azpimarratzea edonor izan daitekeela sapiosexuala. Izan ere, itxura fisikoa oso aldagai garrantzitsua bada ere, sexu-erakarpenean bestelako aldagaiek ere eragin dezakete, hala nola, nortasunak, baloreek, hezkuntzak… Guztiok ditugu aipatu aldagai horien guztien inguruko lehentasunak eta, horregatik, zaila da sexu-erakarpenaren inguruan aldagai garrantzitsuenen inguruan orokortzea.

Harreman afektiboetan ezinbestekoa da elkarrekiko mirespena egotea harreman batek denboran iraun dezan. Hortaz, fisikoaren ordez buruan oinarrituta dauden harremanek denboran irauteko aukera gehiago izango lituzkete. Hala ere, horrelako erlazioek hainbat erronkei egin behar izaten diete aurre. Izan ere, horrelako harremanetan itxaropen intelektualak askoz handiagoak dira eta, ondorioz, zenbait kasutan zaila izan daiteke behar intelektual horiek osotasunean asetu ahal duen norbait aurkitzea. Bestalde, adimenak eta buruak ez dute harreman batean positiboak izan daitezkeen bestelako zenbait gaitasun bermatzen, hala nola, enpatia, konfiantza, egonkortasun emozionala…

INFORMAZIO ITURRIA: gazteberri.eus