sexo, drogas y Rock & roll

LA RELACIÓN DE LA MÚSICA Y LAS DROGAS

HERRI MUSIKA MODERNOAREN HISTORIAN

Musikak eta drogak XX. mendean izan dituzten harremanak ezin dira hiru orritan laburtu. Horregatik, azaleko kontu batzuk besterik ez ditugu agertuko, ideia orokorrak, gehienbat musika modernoaren alderdiunderground hori nabarmendu nahian, helburua delarik gazteen interesa piztea, gerora haiek eurek gaia beren kabuz iker dezaten. Kontua da ulertaraztea gertakizunak elkarri lotuta daudela, ezer ez dela berez edo bat-batean gertatzen, zer edo zerengatik, edo zer edo zeren ondorioz baizik. Bihotzez nahiko nuke, beraz, errealitatea historiaren testuinguruan egoki kokatu, errazago ulertzeko eta ikuspuntu ugari hartuta aztertu ahal izateko.

guitarrista

Sex and drugs and rockanroll leloak garbi adierazten digu zein neurritan izan zen estua musika eta drogaren arteko lotura, milaka aldiz errepikatu baitute azkeneko hirurogei urteetako gazte belaunaldi guztiek. Esapidea ludikoagoa da, iraultzailea baino, baina gordin aipatzen ditu gazte denborako osagai erakargarrienetako batzuk, kontuan izanik gazte denbora izan ohi dela bizialdirik gatazkatsuena eta, kasualitatez edo ez, musikagile moderno gehienek gazte denboran sortu dutela beren musika.

Sexua, musika eta droga mundua mundu denetik egon dira gizarte mota guztietan. XX. mendearen bigarren erdian, ordea, “demokratizatu” egin zen musika eta kultur eliteetatik herritar arrunten eskura igaro zen. Aldaketa horrekin zerikusi handia izan zuten gazte bihurri batzuek, zeinek, hiru minutuko kantuak, mintzaira berria, gitarra, tronpeta, perkusioa eta baxua zirela medio, musikaren historia asaldatu baitzuten eta milioika entzulerengana iritsi. Orduantxe hasi zen musika herrikoa, pop, denona izaten. Eta orduantxe “demokratizatu” zen aldi berean droga kontsumitu eta eskuratzeko modua. Horregatik datoz elkarrekin droga eta sormena, musika jotzea eta gozatzea.

Herri-musika eta droga. Droga eta herri-musika. Zein neurritaraino eragiten diote elkarri? Musika mugimenduek ba al dakarte droga jakin baten kontsumoa? Eta, alderantziz, droga jakin bat hartzeak sor al dezake musika estilo zehatza? Musika estilo berri batek droga-mota berriak al dakartza? Interesik al dauka diskografia-industriak musika eta droga elkarri lotzeko? Disko gehiago salduko al dute horrela? Musikari gazte askoren irudia drogaren madarikazioaz eta autosuntsiketaz zipriztindurik dagoela, baliatzen al dira horretaz disko gehiago saltzeko?

Begi-bistakoa da drogak nolabaiteko eragina eduki duela une jakin batzuetan sortu den musikan. Era berean, gizartearen, politikaren eta ekonomiaren egoerak eragin garbia dauka musika edo estilo zehatz batean. Horrek esan nahi du droga askotan agertzen zaigula herri musikaren historian, hainbatetan zertzelada huts edo tragikoa izanik, beste hainbatetan esangura sakona eta iraultzailea duelarik, eta gehienetan gazteek gizartearen kontrako errebeldiaren seinale soil gisara.

1950EKO HAMARKADA

1950eko hamarkada oso inportantea da musika modernoaren historian. Artean ere aurreko urteetatik zetozen soul, jazz eta blues entzuten zirelarik jaio zen rock-and-rolla, ofizialtasunez jaio ere, gurasoak mutil- edo neska-lagunari abesten zioten neska-mutil talde batzuk zirela. Rock-and-rolla berehala bilakatu zen Ipar Amerikako gazteen kultur ezaugarri eta, horrekin batera, kontsumo handiko produktu, masak kontsumitzeko, eta herri musika moderno ere bai.

Elvis Presley izan zen belaunaldi haren ikurra. Gizartea krisialdian zegoen. Europan latza izan zen garai hura, gerra handietatik irten berria izanik.  Estatu Batuak, berriz, indartsuago zebiltzan ekonomiaren aldetik eta amets egiten hasiak ziren munduan nagusi izango zirela.

Herritar zoriontsu dirudunek dibertimenduaren bila jotzen zuten klub, kabaret eta dantza-aretoetara. Horiexetan elkartzen ziren gazteak musika entzutera, dantza egitera eta alkohola edatera. Garaiko gazteek beste droga batzuk ere eskura eduki arren, alkoholak definitzen du hoberen 1950eko hamarkada. Elkarrekin, lagunartean, gizartean zeudela hartzen zuten, gehienbat ondo pasatzeko gogo soilaz.

ARTISTA NAGUSIA: Elvis Presley.
HAMARKADAKO BESTE ARTISTA BATZUK: Roy Orbison, Chuck Berry, The Everly Brothers, Buddy Holly, Jonny Cash, Little Richard.
HAMARKADAKO ESTILOAK: Rock & Roll, Rockabilly, Country.
DROGAK:alkohola, opiazeoak.

1960KO HAMARKADA

1960ko hamarkada erabat baldintzatu zuen Vietnamgo gerrak, XX. mendeko mugimendu bakezalerik handiena piztu baitzuen. Vietnamgo gerra ankerrak gizartearen kontzientzia asaldatuta, hedonismoa nagusitu zen musikan eta kantuek zer edo zer esan nahi izan zuten, mezu zehatza zekarten. Hippyen mugimendua gizartearen eremu guztietan hedaturik, inguru horretantxe ulertu behar dugu, beraz, THE BEATLES taldeak lortu zuen oihartzun zabala. Talde osoa eta batez ere John Lennon izan ziren hamarkadako belaunaldiaren ezaugarri; eta horiekin batera, maitasun librea, egin amodioa eta gerrarik ez, Asiatik ekarritako soinuak, mendebaldeko filosofia, bakearen kultura, Gandhi eta espiritualitate berria ere bai.

1960ko hamarkadako droga LSD da. Azidoek beste errealitate batera eraman gintuzten, amets eragin ziguten, kontzientzia asaldarazi eta beste mundu bat, berria, sortu. Hamarkadako musika estiloak POP eta PSIKODELIA ditugu.

ARTISTA NAGUSIA: The Beatles.
HAMARKADAKO BESTE ARTISTA BATZUK: Rolling Stones, Bob Marley, Beach Boys, The Who, The Supremes, Bob Dylan, The Kinks, The Ronettes,The Animals, David Bowie, Bob Marley, The Byrds, Los Brincos,  The Everly Brothers, Bee Gees, Simon & Garfunkel, The Mamas & The Papas…
HAMARKADAKO ESTILOAK: psikodelia, Pop, Reggae, Folk.
DROGAK: LSD.
DROGAS 50: LSD.

1970EKO HAMARKADA

Hippyak bat-batean esnatu ziren ametsaldi luze gozotik eta gertakizun gordinak topatu zituzten begi aurrean. Gerra handiak bukatuta ere, beste frustragarri asko bazebiltzan Europan: Gerra Hotza, biztanleriaren hazkunde neurrigabea, ekonomiaren krisia, produkzio egituraren aldaketa eta bloke politikoen arteko borroka. 1960ko hamarkadako gazteak, heldu bilakaturik, munduko agintariak ziren, ezer ez zuten aldatu ordea: gazteak engainaturik sentitu ziren eta musika erabili zuten adierazpide eta protesta egiteko modu gisara. Idealismo eta utopia guztiz galdu ziren eta PUNK izeneko mugimendua jaio zen, XX. mendeko mugimendurik iraultzaileenetako bat. Izpiritu horren ordezkari onena THE CLASH taldea dugu eta hamarkada osoa baldintzatu zuen droga, aldiz,  HEROINA. Sortzaile askok babeslekura bezala jo zuten heroinara, garaiko giro autosuntsigarri eta erradikalarekin bat eginez.

ARTISTA NAGUSIA: The Clash.
HAMARKADAKO BESTE ARTISTA BATZUK: Ramones, The Sex Pistols, The Stooges, New York Dolls, Pink Floyd, The Velvet Underground, Neil Young, The Who, T-Rex, The Doors, Suicide, Television, Iggy Pop, Patti Smith, Kraftwerk, Queen, Leño, Triana Talking Heads.
HAMARKADAKO ESTILOAK 70: PUNK, Mod, Ska, esperimentala, Rock Progresiboa.
DROGAK: HEROINA.

1980KO HAMARKADA

1980ko hamarkadan existentzialismoaren berpizteak indarraz bete zuen mundu osoa. Protesta eta iraultza taldeka egin ostean, norbanakoa izan zen gero biziaren eta sormenaren erdigune. Mendebaldean ekonomia ongi zihoan, bakeak iraunkor zirudien, hedonismoa zen nagusi eta industria-hiri handietako gazteak paranoia eta angustia azaleratzen hasi ziren. Txanponaren beste aldean ditugu JOY DIVISION eta THE CURE taldeak, inork baino hobeto adierazi baitzituzten gazteriaren bizimoduko angustia existentzialista, iluna, obsesioak, zorionik eza eta heriotza: punketik afterpunkera.

Esan bezala, beste aldean, garaiko joera nagusia dugu, hedonismoa, alegia, new wave (uhin berria) izenekoa.  Uhinak arrastaka ekarri zizkigun 1960ko urteetako kolorea eta bizipoza, mende bukaerako modernitatearen ikuspuntua hartuta, ordea: makillajea, dantza-pistak, sintetizadoreak, NEW ORDER, SOFT CELL, DURAN DURAN.

Teknologia berriek aurrerakada itzela eginda, musika-tresna elektroniko berriak merkaturatu ziren eta berriro aldatu zuten herri musikaren historia, musika elektroniko eta digitala munduratu zutelako. Acid house delakoa sortu zen orduan.

Hamarkadako drogak KOKAINA eta –ina bukaerako guztiak dira: anfetamina, dixidrina, biodramina, zentramina… Guztiek mugitzeko, aurrera egiteko, sortzeko indarra ematen zuten. Droga eraginkor boteretsua behar genuen, munduak bueltaka iraun zezan.

Urte horietako Espainia aipatu behar dugu ezinbestez, diktaduratik demokraziarako trantsizioak kemenaz bete baitzuen kultura eta gizarte osoa. Horren adibide dugu Movida izenekoa, zeinean, besteak beste zirela, Kaka de Luxe, Pegamoides, Radio Futura, Nacha Pop, Gabinete Caligari, La Mode, Poch edo Derribos Arias taldeak baitzebiltzan.

Movidaren giroa guztiz galduta, nekez ulertzen dugu orain Madrilgo alkate ohiaren esan itzuliezin hau:“Quien no esté colocado que se coloque y al loro.”

Espainiaz ari bagara, hamarkadako droga HEROINA da, berandu iritsita ere, kalte itzela egin baitzien gazteei, eta batez ere musikariei; bat baino gehiago sentitu zen herorinaren “hautatua”, ondorio hilgarriak nabaritu arte, noski. Gainera, Espainian heroina hedatzearekin batera, HIESA hedatu zen mundu osoan.

ARTISTA NAGUSIA: Joy Division, The Cure, The Smiths.
HAMARKADAKO BESTE ARTISTA BATZUK: The Church, Camaleons, The Human League, Cabaret Voltaire, Depeche Mode, Bauhaus, Echo & The Bunnymen, Sister of Mercy, Talk Talk, Yazoo, Ultravox, Aztec Camera, Kaka de Luxe, Pegamoides, Radio Futura, Nacha Pop, Gabinete Caligari, La Mode, Poch o Derribos Arias.
HAMARKADAKO ESTILOAK: AFTERPUNK, Gótico, Nueva Ola, New Romantics, Acid House.
DROGAK: KOKAINA, Anfetamina, Dixidrina.

1990EKO HAMARKADA

Besteak beste zirela, CHEMICAL BROTHERS taldeak egin zuen salto tradiziozko pop eta rock-and-rolletik musika elektroniko digitalera. 1990eko urteetan musikaldi handiak, rave izenekoak antolatu zituzten, mendearen amaiera, 2000. urtea etortzearen angustia eta posmodernitatea ospatzeko.

Horiek horrela, mundua global egiten hasi zen: gaixotasunak mundu guztikoak, globalak ziren jada, teknologia ere bai; bazetozen posta elektronikoa eta Internet. Musikan eta sormenean ere gertatu zen globalizazioa eta,  informazioa askatasun osoz eskuratu ahal zenez gero, horrek bere isla izan zuen musikaren eragin, estilo eta jokaeretan.

RADIOHEAD eta MASSIVE ATTACK taldeak ezinbestekoak dira 1990eko hamarkada ulertzeko. Radiohead esperimentazioan eta ikerketan ari izan zen. Massive Attack-ek pop, musika beltza eta elektronikoa fusionatu zituen. Biok zabaldu zieten atea estilo berriei eta pop eta rock bereiziago eta modernoago egin zituzten.

1990eko urteetako drogak ESTASIA eta deribatuak izan ziren; denek pizten zituzten zentzumenak eta plazera eta, horren ondorioz, musika elektronikoa ospakizun eta taldekako esperientzia bilakatu zen.

ARTISTA NAGUSIA: Chemical Brothers.
HAMARKADAKO BESTE ARTISTA BATZUK: Radiohead, Massive Attack, Pj Harvey, Nirvana, Teenage Funclub, Pixies, Bjork, Spiritualized, Manic Street Preachers, Los Planetas, Los Enemigos, Portishead, Smashing Pumpkins, Oasis, Beck, Suede, Blur, Orbital, Sigur Ros, Mogwai.
HAMARKADAKO ESTILOAK: ELECTRÓNICA, Brit Pop, Trip Hop, Alternativa.
DROGAK: ÉSTASIA (MDMA) GHB.

Beste substantzia batzuk, marihuana eta alkohola kasu, hamarkada guztietan kontsumitu dira, beti ere ibili dira gure artean.