ALDARTE: INTRAGENEROKO INDARKERIA
Maitasun eta sexu harremanetan tratu txarrak eta indarkeria egotea ez da soilik harreman heterosexualen kontua.
Bi gizon edota bi emakumez osaturiko bikote edo harremanetan ere benetazko indarkeria egoerak egoten dira, indarkeria fisiko nahiz psikologikokoak.
Genero bereko pertsonen artean gertatzen den indarkeria hori, intragenerokoa deitua, isilean gelditu ohi da, estatistika eta zenbakietatik kanpo, batzuetan, indarkeria hori jasaten dutenek ez dutelako ez salatzen ez horren berri ematen ere eta, bestetan, gizarteari berari eta, bereziki, gizarte eragileei, zaila egiten zaielako harreman lesbiko eta homosexualetan indarekeriarik dagoenik sinistea.
INTRAGENEROKO INDARKERIARI BURUZKO GALDEKETA (www.aldarte.org/encuestaviolencia)
Galdeketa honen helburua da zure harremanetan tratu txarrik edo indarkeriarik bizi duzun atzematen laguntzea.
Litekeena baita, galdera hauetako bati baietz erantzuten badiozu, zure harremanetan tratu txarrak jasotzen aritzea.
Maitasun eta sexu harremanak dituzun pertsona horrek:
1. Noizbait jo edota astindu al zaitu?
2. Etengabe galdetzen al dizu non eta norekin zauden?
3. Mindu egiten zaituzten gauzak egiten al dizkizu, nahita egin ere, baina zure onerako dela esanaz?
4. Ez du nahi zu lagunekin irten zaitezen bera zurekin ez baldin badago?
5. Zure kontu korronteak, telefonoa, posta…kontrolatzen al dizkizu? Uneoro kontrolpean al zaitu?
6. Jarrera ona dauka pertsona gehiagorekin zaudetean baina bakarka gaizki tratatzen zaitu?
7. Gehienetan jarrera oso ona dauka zurekin baina, noizbehinka, bat-bateko haserraldi batean zure aurka egiten du?
….Nola sentitzen zara zu:
8. Beldur zara familia edo lagunei gay/lesbiana zarela esango dien?
9. Zure ingurunetik bakartuta zaudela sentitzen duzu (familiatik, lagunetatik…) eta bera baino ez daukazula?
10. Harekin zaudenean xehetasun guztiak zaindu behar dituzula sentitzen al duzu maiz, hain zuzen ere, bera haserretu ez dadin?
11. Ez zara ausartzen inori gertatzen ari zaizuna kontatzera?
Zure maitasun eta sexu harremanetan indarkeria bizi baduzu, irtenbide errazik ez dagoela dakizun arren, badira zeure burua babesteko egin ditzakezun gauza batzuk:
* Ez begiratu beste aldera. Hitz egin norbaitekin. Kontua isilean gordetzeak bihurtzen du, hain zuzen, tratu txarrak ematen dizkizun pertsona hori boteretsuago. Askotan biktimek lotsa sentitzen baitute, eta ez dute nahi inork beren arazo pertsonalen berri izaterik.
* Egoera konplexuak eta zailak diren arren, ez pentsa ezer egin ezin daitekeenik eta tratu txarrak ematen dizkizun horren aurrean erabat babesgabe zaudenik ere.
* Ez zaitez bakartu eta ez zaitez sekula bakarrik gelditu tratu txarren aurrean. Bilatu laguntza familian, lagunengan edota hurbilen duzun LGTB erakundean.
* Tratu txarrak ematen dizkizun horrekin bizi bazara, joan zaitez etxetik, eta hori egiterik ez badaukazu, saiatu beti norbaitekin egoten, inoiz ez bakarrik. Eduki dirua gordeta.
* Aldez aurretik pentsatu zer egingo duzun berriz ere erasotzen bazaitu.
* Salaketarena pentsatu. Gizarte mailan eta legeei dagokienez dauden arazoak egonda ere, eta beldurrak beldur: salatzea indarkeriaren zurrunbilotik irteteko pauso bat da.
* Lesbiana bazara, zure herriaren emakumeen kontrako indarkeria kasuetarako dauden baliabideak zure kasuan ere aplikagarriak dira. Jakin zein diren laguntza-telefonoak eta kasu horietarako zure ingurunean dauden baliabideak.
ESPAZIOA: INDARKERIARIK GABEKO TXOKOA
www.aldarte.org/rinconsinviolencia web gunean sartuta, “Indarkeriarik gabeko txokoa” atalean honako hauek egin ahalko dituzu: 1); harreman lesgayetako indarkeria aztertzen duten dokumentuetara sartu, 2) galdeketa bat egin, tratu txarrik jasotzen duzun ala ez atzemateko, 3) laguntza eta babesa eskatu, 4) galdera edo iradokizunen bat egin, 5) IKUSI, BALIOETSI, EKIN: indarkeria lesbianen eta homosexualen harremanetan izeneko dokumentua jaitsi 6) foroen bitartez beste gay eta lesbianekin harremanetan jarri.
COUNSELLING
Counselling hitzak laguntza eta aholkularitza esan nahi du. Izan ere, pertsona gehienok geure arazoak konpontzeko gai gara horretarako aukerarik ematen bazaigu. Bakarka hartzen ditugu pertsonak, aurrez aurreko elkarrizketa izaten da eta aldez aurretik hartu beharra dago hitzordua.
LAGUNTZA PSIKOLOGIKOA
Laguntza psikologikoaren bitartez, gaiaren inguruan hitz egiten da bakarka eta aurrez aurreko elkarrizketa baten bitartez. Aldez aurretik hartu behar da hitzordua.
LEGE AHOLKULARITZA
Lege aholkularitzako zerbitzua aurrez aurre jaso daiteke (aldez aurretik hitzordua hartuta) edota web gunean begiratuta.
BIBLIOGRAFIA ETA BIDEOTEKA
Dokumentazio zentroan material asko daukagu (liburuak, bideoak, DVDak, egunkarietako albisteak etab.) intrageneroko indarkeriari buruz.
Aldarterekin harremanetan jartzeko:
ALDARTE
“Gay, Lesbiana eta Transexualen Arretarako Zentroa”
Berastegi kalea, 5-5, 8 eta 9 bulegoak – 48001 Bilbao – Bizkaia
Posta elektronikoa: aldarte@aldarte.org,
Web gunea: www.aldarte.org
INTRAGENEROKO INDARKERIARI BURUZKO GALDEKETA: www.aldarte.org/encuestaviolencia
Sartu indarkeriarik gabeko txokoan: www.aldarte.org/rinconsinviolencia