PORTUGALETEKO MUSIKA-TALDEEN HISTORIA
ERAKUSKETA. PORTUGALETEKO MUSIKA-TALDEEN HISTORIA (1960-2009)
BANIZU NIZUKE ELKARTEAK PORTUGALETEKO 1960-2009 DENBORALDIKO MUSIKA MODERNOAREN INGURUAN EGINDAKO IKERKETA
1962tik aurrera, gaur arte, 150 talde inguru sortu omen ziren Portugaleten. Haietako askok beren kantak biltzen zituen kaseteren bat grabatu zuten; beste batzuek, berriz, diskoetxe batekin grabatzea lortu zuten eta beste askok ez zuten inoiz ere ezer grabatu. Oraindik gelditzen diren aro digital aurreko argazkiak, eta norberaren zein aldizkari, fanzine edo egunkarietako fitxategi pribatuetan omen daude, sakabanatuta, sailkatu gabe edo leku ilunen bateko txoko ezkutuan galduak.
Une hartan bertan, bada, denboran zehar historiak iraungo duen formatuan bildu eta erregistratzeko ideia sortu zen. Gure gizartearen oroitzapena antolatzeko eta sailkatzeko, sakabanatutako material hori guztia biltzea eta elkartzea, izango lirateke helburu nagusiak. Guztion unibertso sinbolikoa baita, partaidetza eta jarraitze historikoari zentzu handiagoa eman diona. Garai hura bizi izan zutenen oroimena birpizteko lana izateaz gain, gure musikari nerabeen artean erreferentziak sortzeko ere balioko du; ezagutu ez zutenei gure herriak bere herri-musika garaikiderekin izandako harremanetan bete zuen eginkizuna erakusteko.
2007 urtearen erdialdean, Banizu Nizuke kultura-elkartean, egitasmo honekin hasi ginen, helburu nagusia Portugaleten inoiz sortu ziren musika modernoko edozein estiloko talde guztiei buruzko informazioa katalogo bakar batean biltzea zelarik. Informazio eskasarekin hasi ginen lanean, barreiatuegi baitzegoen. Lehenik eta behin, adin guztietako jendeari ezagutzen zituzten taldeez galdezka hasi ginen. Lehenbiziko hilabetean ehun izen baino gehiago bildu genituen. Handik aurrera, taldekideen bila hasi ginen, haiekin bildu ahal izateko. Aldi berean, gaiaren inguruko musika-fanzine, egunkari eta bestelako argitalpenetan murgildu ginen. Gauza interesgarri batzuk aurkitu genituen: Muskaria aldizkarian bertoko taldeez aritzeko Los maravillosos grupos locales izenburua zuen saila argitaratu ohi zuten zenbaki guztietan; 1987an, Barakaldo, Ortuella, Portugalete eta Sestaoko udalek dossier bat argitaratu zuten, bertan, Sonidos de la margen izquierda izenburupean, Ezkerralde eta Meatzaldean aritzen ziren 56 talde bilduz; El Correo Español egunkariak, 1984 aldean, osteguneroko Rockmanía izeneko orrialdean bertoko talderen bati buruz hitz egiten zuen, noizean behin; eta Egin egunkariak Bat, bi, hiru sailean, ostiralero, kontzertuen agenda zekarren eta noizean behin bertoko talderen bat aurkeztu ohi zuten erreportaje batean.
Hona hemen eman genituen pausuak:
1. Taldeekiko elkarrizketak. Behin taldeen zerrenda eginda, taldekideekin jarri ginen harremanetan. Bi lagunek, 200etik, besterik ez zuten proiektuan parte hartu nahi izan; gainerakoek, aldiz, segitzeko animoak emateaz gain, gure lana laudatu ere egin zuten, beren bizitza herriko historiari lotzeaz pozik eta harro. Zerrendan ez zegoen talderen baten izena ezagutarazi eta gainerako taldeekin harremanetan jarri gintuzten. Elkarrizketa guztiak kasete-zintetan grabatu genituen. Pausu hura gogorrena izan zen. Ez baita batere erraza hainbeste jenderekin harremanetan jartzea. Haietako asko hilda zeuden eta beste batzuk hemendik kanpo bizi edo desagertuak ziren.
2. Soinu eta ikus-entzunezko materiala, zein grafikoa ere bai, bildu eta erosi. Elkarrizketak eginda, taldekideei gordeta zeuzkaten argazkiak zein bestelako materiala eskatu genizkien. Batzuetan, inoiz saldu ez ziren maketak edo kontzertu-kartelak bezalako gauzak opari eman zizkiguten eta eskanetatzeko materiala ere utzi ziguten.
3. Dossierra idatzi. Behin taldeekiko elkarrizketak grabatuta, transkribatu eta dossier-liburu batean bildu genituen, talde bakoitzaren kanta bana zeuzkan mp3ko CD bat erantsita.
4. Fitxategi historikoa. Bildutako informazioarekin fitxategi fisikoa sortu dugu. Honako hau guztia dakar:
* Soinu-materiala: maketak, LPak, CDak, kaseteak, grabaketa bitxiak, elkarrizketak.
* Material grafikoa: argazkiak, aldizkariak, fanzineak, egunkariak, elkarrizketak.
* Ikus-entzunezko materiala: bideoklipak, kontzertuen bideoak, elkarrizketak.
5. Erakusketa. Bildutako material guztia erakusteko gunea sortu nahi dugu: maketak, bideoak, argazki aukeratu eta handituak, fanzineak, kartelak eta pegatinak.
6. Mahai-inguruak eta kontzertuak. Gaiaren inguruko jarduera-astea. Publikoarentzako mahai-inguruak, Portugaleteko musikarekin zerikusirik izan duten bertoko musikari zein musika-agenteekin hitz egiteko. Proposatutako gaiak:
– Produktuaren salmenta eta teknologia berriak: Myspace, Emule, online salmenta…
– Musikaren euskarriak: fanzineak, estudioak eta irrati libreak.
Astearen bukareran kontzertu bat antolatuko dugu garai batean desagertu ziren taldeak agertoki batean berriro ikusteko aukera moduan.
Iturburua: Banizu Nizuke
Harremanak: banizunizuke@hotmail.com