HIESAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA
Abenduaren 1a ez zen kasualitatez aukeratu, egun horretan, 1981ean, hiesaren lehenengo kasua diagnostikatu baitzen. Harrezkero hiesak 25 milioi lagun baino gehiago hil ditu.
Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunaren antolakuntzaz WAC (World Aids Campaign: Hiesaren Aurkako Munduko Kanpaina) erakunde independentea arduratzen da. 2005ean “Hiesa geldiarazi: hitza bete” leloa, gaur ere indarrekoa, hautatu zuten egun honetarako.
Euskadin, hiesa 6000 lagun baino gehiagok dute; aurten 207 kasu berri diagnostikatu dira; iaz, ordea, 199. Adituak nahiko arduratuta daude diagnostikoak beranduegi egiten baitira, jendeak denbora luzeegia ematen baitu GIBaren eramaile dela jakin barik eta seguru aski aurrezaintza neurriak hartu barik, beste hainbati transmititzeko arriskuaz, noski.
Infekzio berrien % 75 sexu bidez gertatzen da; erdia heterosexualei dagokie; % 27, ordea, homosexualei. Datuek kezkagarriak izaten jarraitzen dute, Euskadin 1997an erregistratutako 2.293 infekzioetatik 7.000ra pasa baikara 2010ean.
Gogorarazi nahi dizuegu sexu-transmiziozko beste gaixotasun batzuk ere badaudela, gonorrea edo sifilia besteak beste, eta azken bost urteotan Europa osoan gorakada nabarmena izan dute.
Gaur egun hiesa ez da izurrite baten moduan hartzen, gaixotasun kroniko gisara baizik. Kutsatutakoak ez ditu hiesak berak hiltzen, C hepatitisak baizik, haren kontrako tratamendu luzeak gibela erabat hondatzen die eta.
Gaur inoiz baino hobeto dugu gaixotasuna sortzen duten zergatien berri, lehen ez genuen gaur beste informaziorik, baina, hala ere, kutsatzeen kopurua goraka doa.
Argi dago aurrezaintza egiteko modua: PRESERBATIBOA alegia. Hainbeste informazio eduki arren, gaixotasuna kritikoa izango balitz bezala, eta ez hilgarria, antzematen denez, jendeak beldurra galdu dio eta ez du bere burua lehen bezala babesten. Preserbatiboari ez diote dagokion garrantzia ematen, hala sexuan aritzeko aukera galduko dutelakoan, nola drogaren baten eraginpean, alkohola ere barne dagoela, daudelako.
Preserbatiboaz gain, nabarmendu beharko genuke DIAGNOSTIKO GOIZTIARRAK duen garrantzia. Sexu harreman arriskutsuak baldin baditugu, onena proba ahalik eta lasterren egitea da. Askok ez dute proba egiten, beldur direlako positibo ez ote duen emango, baina luzarora kalte egiten diote beren buruari, ez dutelako tratamendurik jasotzen.
Gaur egun proba egitea inoiz baino errezagoa da; nahiko da botika batera joan eta test azkarra egitearekin. 2009an hasi zen egiten eta orain arte 5.113 testetatik 50ek eman dute positibo.
Mezua argia da: SEXU HARREMANETAN EZ DA ARRISKURIK EDUKI BEHAR. PRESERBATIBOA ERABILI BEHAR DUGU. ETA ERABILI EZEAN, ONENA DA BOTIKA BATERA JOATEA ETA PROBA EGITEA.