ZINEMA: “NO STRINGS ATTACHED” (“SIN COMPROMISO”)
Filma hasten denean, nerabeak dira biak. Mutilak sexu-gerturatzeren bat saiatzen du; neskak, ordea, atzera botatzen du. Urteen joanean, Adamek gogoan du oraindik Emma eta, azkenik, elkar hartzen dute sexu-harreman hutsa izango dutela. Baina hitzarmen hori ez da erraz beteko. Bestetik, Adamen aita semearen neska-lagun ohiarekin dabil amodio-kontuetan.
"Emmak ez du inolako konpromisorik nahi, aurrean, bikotekidea galduta, asko sufritu duelako", dio Natalie Portmanek. Ashton Kutcherrek, berriz, mutil erromantiko tradizional baten paera egiten du.
Filmak erruz aipatzen ditu "High School Musical", Pixarren filmak, SMSak eta gizarte sareak, hain modan gaur egun.
Fil entretenigarri atsegina da. Denbora emateko ez dago txarto; ez da, ordea, irudimen handirik behar nola bukatzen duen jakiteko.
Dena delarik, irakur itzazue kritika batzuk:
"Ivan Reitman-ek dotore eta kementsu zuzendu du gidoi harrigarri barregarria (…) Komedia erromantiko adimentsu eta sexya da" (Joe Morgenstern: The Wall Street Journal)
"’Black Swan’ film gogor dramatikoa egin ondoren, ulergarria da Portmanek komedia erromantikoa egin nahi izana (…) Zoritxarrez film guztiz konbentzionala egin du. (…) Puntuazioa: ** (4tik)" (Peter Travers: Rolling Stone)
"Hasierako ideia originala da; filmatzeko modua, ordea, ez hainbeste (…) Argumentuak kirrinka egiten du eta ikusleak, umeak autoaren atzeko eserlekuan bezala, galdezka dabiltza: ‘Iritsi al gara?’ (…) Puntuazioa: ** (4tik)" (Roger Ebert: Chicago Sun-Times)
"Aktoreak gazteak eta sexyak dira eta horrek nolabaiteko bultzada eman dio Ivan Reitman zuzendariari (…) Produktu komertzial duina da." (Justin Chang: Variety)
"Zabor lelo arrunta (…) Errua Portmanek du neurri batean behintzat: harren karrera goraka doa, seriotzat hartzen hasi dira eta hanka sartu du Ashton Kutcher lankide gisara onartuta" (Rex Reed: The New York Observer)