NI-NI BELAUNALDIA
Langabezian daude, bai; ez gustora, ordea. Espainian, 16-29 urte bitartekoetatik hiruk ez dute lanik, baina hori ez da nahikoa ni-ni belaunaldiaz mintzatu ahal izateko. Ni-ni direlako horiek 80.000 bat dira, % 1, beraz, eta krisialdian bagaude ere, kopuruak behera egin du azken urteotan.
Hala dio behintzat Gabriel Alconchel-ek, Espainiako Gazteriaren Institutuko zuzendariak, "Desmontando a ni-ni. Un estereotipo juvenil en tiempos de crisis" ("Gazte ni-nien estereotipoa krisialdian") azterlana aurkeztu duenean. Azterlana Lorenzo Navarrete-k, Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko soziologia irakasleak, zuzendu du.
Ni-ni peto batek bat ere okupaziorik ez dauka, ez dabil lan bila, ez eta ibili nahi ere, lan bila abiatzeko gaixotasunik edo inkapazidaderik ez eduki arren. Ikasi ere ez du ikasten, ez eta nahi ere. Ez dihardu inolako GKEren alde, ez ditu senideak zaintzen eta etxeko lanik ere ez du egiten.
Azterlanak garbi erakusten du ni-ni etiketa baino ez dela. Navarretek dioenez, azterlanak, dena den, agerian jartzen du gazteak oro har kontsumista hutsak direla eta orientaziorik gabe dabiltzala, zer egin ez dakitela; hala ere, proiektuak badituzte eta etorkizunari begiratzen diote beti. Hortaz ez dugu ahaztu behar eguneko gazteek inoiz baino prestakuntza hobea daukatela eta guztiz prest daudela krisiari aurre egiteko.
Ni-ni baten erretratua oro har gazteriarena berarena da: gehienak emakumezkoak, 20-24 urte bitartekoak eta ikas-maila baxukoak dira eta atzerritarrak ere badaude.
Ez dira errudun sentitzen eta haien kezka handiena da parrandan ibiltzeko dirurik ez edukitzea. Pizgarri bakarrak aisialdia eta kontsumoa dituzte.
Bukatzeko, mezu garrantzizkoa dugu familientzat: ahaleginaren garrantzia nabarmendu beharra dago eta, jakina, DENAK EZ DU BALIO.