Ba al dakizu non diren gorputzeko atalik erogenoenak?
Gorputzeko atal erogenoenak ezberdinak izan daitezke eta, pertsona bakoitzaren izaera, lehentasun eta gustuen araberakoak dira.
Erotismoa sentsualitatearekin, amodioarekin eta desirarekin lotura duen zirrara edo sentimendua da. Hortaz, norberaren gustu pertsonaletara lotuta dagoen zerbait da. Bi pertsonen artean erakarpena dagoenean, erotismoa elkarrekintza eta sexu-jarduerara deitzen duten jarrera eta jokabideen bidez azaltzen da, hala nola muxuak, ferekak, masturbazioa, masajeak, besarkadak, ahozko estimulazioa, etab. Horrek, normalean, sexu-harremanetara eraman ohi du, plazera bilatu nahian eta ez, derrigorrez, ugalketa asmoarekin.
Aipatu jokabide horiek eta gorputzeko atal erogenoenak ezberdinak izan daitezke eta, esan bezala, norberaren izaera, lehentasun eta gustuen baitan daude. Hala ere, gai horren inguruan egin diren zenbait azterlanek azaldu dutenez, belarri-gingila da gure gorputzeko atalik erogenoenetako bat, bai gizonengan, bai emakumeengan. Izan ere, atal hori laztanekin edo musuekin estimulatzean plazer gehien sortzen duenetako bat da. Bi sexuetan oso erogenoa den beste atal bat ezpainak dira. Hainbat kulturatan, sexu-harreman osoak izateko lehen hurbilpen erotikoa muxuak dira, sexu-kitzikapena eta grina aktibatzeko modu ezin hobea baita.
Generoa
Dena den, gorputzeko atal erogenoak nabarmen alda daitezke generoaren arabera. Izan ere, zakilaz eta baginaz gain, badira plazer handia lortzea ahalbidetzen duten beste hainbat atal. Emakumeen kasuan, adibidez, kitzikapen handia lortu ohi da lepoan, garondoan, bularretan, titiburuetan, ipurdian eta izterren barrualdean. Gizonen kasuan, berriz, gehien aipatzen diren atalak belarriak, lepoa, titiburuak, perineoa eta izterren barrualdea dira.
Gogoratu kontua ez dela ukitzeagatik ukitzea. Nolabait, gure gorputzaren atalik erotikoena edo erogenoena garuna dela esan genezake, generoa, adina, kultura eta sexu-orientazioa edozein direla ere. Horregatik, aurrez ditugun sinesmenak eta imajinazioa funtsezkoak dira gure gorputzeko atal ezberdinen bidez sexu-kitzikapena eta -plazera lortzeko.
Adibidez, orain arte aipatu ez ditudan oinak oso erotikoak dira hainbat pertsonentzat, nahiz eta, oro har, gure gorputzaren zati hori usain txarrekin, zikinkeriarekin eta abarrekin lotzen dugun.. Ildo berean, askok plazer handia sentitzen dute beren bikotekideak, adibidez, esku-ahurra musukatzen dienean. Berez, aipatu ditudan azken bi gorputz-atal horiek ez dira bereziki erogenoak, baina norberaren imajinazioaren eta testuinguruaren arabera, a priori inozoa dirudien ekintza bat oso estimulagarria izan daiteke. Horregatik, kultura oso garrantzitsua da gure gorputz atal bat erogenotzat identifikatzeko.