BBK LIVE JAIALDIRAKO BONUA SALGAI, 90 EUROREN TRUKE
Informazio-iturri: www.eitb.com
Eskaintza berria ipini dute salgai Bilbao BBK Live jaialdiko antolatzaileek. 90 euroren truke (+ 6 euro banaketarako, hiru egunetarako balio duen bonua da, eta otsailaren 4ra arte erosi ahal izango da. Kanpaldiko gunera sartu nahi duenak 5 euro gehiago ordaindu beharko ditu.
Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Kultur Txartela bonu kulturala ipini zuen martxan. Abenduaren 31ra arte soilik eskura daiteke Kutxabankeko kutxazainetan. 40 euroko balioa du, eta hiru maila eskaintzen ditu. B kategoria duenak 28 euroren truke eros daiteke. Musika, antzerkia eta dantza arloko ikuskizunetan erabili ahal izango da, baita museoetara joateko ere.
Bizkaiko Kultura Txartela erabiliz 2014ko Bilbao BBK Liverako bonua erosi ahal izateko B mailako txartela erosi beharko da, eta Bilboko FNACen soilik egin daiteke, urtarrilaren 31a baino lehen. Bizkaiko Kultur Txartelarekin balioa pilatu daiteke, baina ezin da banatu. Esaterako, BBK Liverako hiru egunetarako bonua erosteko, B mailako bi bonu (40 € + 40 €) erabiltzeko aukera eskainiko dute, baina gainerako 16 euroak dirutan ordaindu beharko dira.
Halaber, joan den abenduaren 16an Bilboko FNACen Bizkaiko Kultur Txartela erosteko izandako arazo teknikoak medio, 85 euroko eskaintza eskuratzeko epea luzatzea erabaki dute antolatzaileek. Salbuespen hori Bizkaiko Kultur Txartela erabilita soilik ezarriko da.
Kartelaren xehetasunak
Jaialdia 2014ko uztailaren 10etik 12ra izango da Kobetamendin. Oraingoz, honako talde hauek iragarri dituzte: Crystal Fighters, Franz Ferdinand, Phoenix, Jack Johnson, Imagine Dragons, MGMT, The Lumineers, Los Enemigos, White Lies, Poliça, El Columpio Asesino, Dorian, John Talabot Dj Set, The 1975 eta Elliott Brood.