Berri Txarrakek ere lagunduko du Muse San Mamesen

MTV telebista kateak Berri Txarrak taldearekin itxi du MTV World Stage Bilbao kontzertuko kartela. Muse eta Crystal Fighters ere arituko dira, eta sarrera guztiak salduta daude.

Berri Txarrak taldea ere San Mamesen egongo da azaroaren 3an, Muse eta Crystal Fightersekin batera, MTV World Stage Bilbao kontzertuan, telebista kateak iragarri duenez.

Kontzerturako bost euroan salgai jarri ziren 38.000 sarrerak (erdiak bizkaitarrentzat erreserbatuta) ordu gutxian bukatu ziren. Beraz, ez dago txartelak erosteko modurik.

San Mameseko kontzertuak itxitzat emango du MTVk aste horretarako Bizkaian antolatu duen kontzertu errenkada, eta, era berean, MTV EMA Bilbao sariak banatzeko ekitaldiaren atarikoa ere izango da. Azaroaren 4an egingo dute gala hori, 21:00etatik aurrera, Bilbao Exhibition Centren.

INFORMAZIO ITURRIA: www.eitb.eus