BILL RYDER JONES, TINDERSTICKS ETA BESTE ASKO, MUSIC BOX JAIALDIA
Informazio iturri: www.eitb.eus
Bill Ryder Jones, Tindersticks, Clem Snide, Corizonas eta Belako izango dira Music Box Festibala jaialdiko talde nagusietako batzuk. Donostia 2016k bultzatu duen musika jaialdiak hiriko hainbat eremu azaleratuko ditu, bertan kontzertuak antolatuz.
Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak eta Sergio Cruzado Music Box Festibala jaialdiko arduradunak jaialdiko egitaraua aurkeztu dute, eta atariko gisa aurten hiru kontzertu egin dituztela ekarri dute gogora. Horietako azkena gaur izango da: Is Tropicalek eta Las Tea Party DJk joko dute.
2016an, hamabi kontzertu egingo dituzte, hilean bat, egunerokoan beste gauza batzuetarako erabiltzen diren espazioetan. “Publiko berria” erakarri eta “kalitate handiko kontzertuekin jendea harritu” nahi dute, Cruzadok azaldu duenez.
Urtarrilaren 31an hasiko da jaialdia, Pasaian: Billy Ryder britainiar musikariak folk estiloko bere proposamena aurkeztuko du bertan, Ondartxo ontziola zaharrean, Perlak zarauztarrak “luxuzko” gonbidatu dituela.
Hurrengoak Corizonas taldekoak izango dira, Coronas eta Arizona Baby taldeek elkarrekin uztartuta sortutako supertaldea. Otsailaren 27an joko dute, Bilbo plazan, Bullet Proof Lovers Kurt Baker estatubatuar kantariak gidatutako donostiar taldearekin batera.
Martxoaren 19an Zorroagako eliza izango da agertoki, egun batez: Pet Fennec (Urko) arituko da bertan, Chris Eckman The Walkabouts taldeko abeslariak eta Chantal Sleepindog taldeko kantariak batera egingo duten saioaren ostean.
Apirilaren 10eko kontzertuari dagokionez, Donostiako portuan egingo dutela eta britainiar talde bat eta Les Marines Djs gipuzkoarrak izango direla soilik esan dute.
Apirilaren 16an, Tindersticksek Miramongo anfiteatro zaharrean joko du, eta, ekainaren 25ean, Amor de Tokyo, Ventura, Albert Cavalier eta hiriko beste hainbat proposamen aurkeztuko dituzte Ulia mendiko lorategi eta negutegietan.
Bestalde, ekainaren 8an talde “sorpresa” bat izango da, abuztuaren 6an The New Raemonek joko du, Los Punsetesek irailaren 13an….
Jaialdia ixteko, abenduaren 17an, Belako mungiarreko joko dute. Kontzertura joaten direnak Amarako tren geltokian batuko dira, eta ez dute jakingo non utziko dituen gero trenak Belakoren kontzertua ikusteko.