GIB

BA AL DAKIZU INFEKTATURIK OTE ZAUDEN?

Infektatuen bizi-kalitateak nabarmen egin du hobera azken urteotan. Orain, berriz, kezka-gaia dira infektaturik daudela ez dakitenak, tratamendurik ez dutelako, hiesa pairatzeko arriskuan daudelako eta, horren ondorioaz, hiltzeko arrisku handiagoa dutelako, diagnostikoa garaiz izan dutenek eta tratamendua jasotzen dutenek baino.

Benetan tamalgarria da infektatu askok horren berri ez izatea, nahiz eta gure herrian diagnostikoa eta tratamendua doakoak eta isilpekoak diren denontzat. Gainera, baliteke infektatu horiek gaixotasuna beste batzuei kutsatzea, jakin gabe kutsatu ere.

Ezkutuko epidemia hori lehentasunezkoa da GIB mundu osoan kontrolpean eduki nahi dutenentzat. Espainiari bagagozkio, infektatuen %30ek ez dauka horren berri. Gehienbat 40 urtetik gorakoak dira, heterosexualak, etorkin talde jakin batzuetakoak, ikasketa-maila baxukoak eta gizonezkoak. Zergatik gizonezkoak? Haurdunei sistemaz egiten zaielako GIBaren testa.

GIBaren TESTA

Testa egiteko erabakia zeuri baino ez dagokizu, ez beste inori. Egin ezazu, beraz, horretarako prest sentitzen zarenean. Orain inoiz baino errazago egin dezakezu, gainera, 2009ko martxoaren 1etik aurrera EAEko farmazia batzuek GIBaren test azkarra egiten dutelako. Farmaziara joz gero, beraz, banakako arreta egingo dizute eta testaren emaitza isilpean gordeko dizute. Horren prezioa bost eurokoa da, erabili behar duten materialaren balioa, hain zuzen. Hamabost minututan, bada, oso emaitza fidagarria edukiko duzu.

Testaren emaitza negatiboa bada eta azken jarduera arriskutsua egin zenuenetik gutxienez hiru hilabete igaro badira, horrek esan nahi du GIBaren infekziorik ez duzula.

Testaren emaitza, berriz, positiboa bada, farmazialariak Osakidetzara bideratuko zaitu eta egun horretan bertan edo biharamunean egingo dizute harrera eta emaitza berretsiko dizute.

Iñaki Navarrok, Euskal Herriko Farmazialarien Kontseiluko presidenteak, baido,  hiesa hedatzen hasi zenetik bertatik, denon eskura ditugula GIBaren test konbentzionalak Osakidetzako zentroetan edo Bilbo, Donostia eta Gasteizko GIBerako zentro berezietan. Test azkarrak Osakidetzako sexuz kutsatzen diren gaixotasunen zentroetan eta hiesaren kontrako gobernuz kanpoko erakunde pare batean baino ez ziren egiten. Orain, berriz, farmazia guztietan ditugu eskura; egin eta hamabost minutura izango dugu emaitzaren berri.

GAZTEAK ETA GIB

Datuen arabera, sexuz kutsatzen diren gaixotasunak ugaldu egin dira neska-mutilen artean. Horren ondorioz, ugaldu egin dira, halaber, GIB kutsatzeko arrisku-egoerak.

Zeure burua eta ingurukoak zaindu eta babestu nahi badituzu, kontuz eta erne ibili. Eta arretaz irakurri Stop-Sida elkartearen kanpaina bateko testu hau:

“Ziur sentitzen al zara?

Ziurrago sentitu nahiko zenuke?

Bai, baina… Hainbatetan kondoi gabe egiten dugu.

Une horretan primeran eta ziur sentitzen gara.

Baina gero?”

Gure webgune honetako “Hiesa” eta “Sexua” ataletan topatuko duzu argibide gehiago. Eta hemen dituzu, gainera, bi bideo, kontuaz gogoeta egin dezazun:

SIDA Y OTRAS ENFERMEDADES:

http://www.youtube.com/watch?v=DqYeqihhXZ8

LA CENA: http://www.youtube.com/watch?v=5MhoDs46ae8

                            

¿Quieres dejar un comentario?