Musika jaialdiak

Musika gure herri eta hirietako plazetako protagonista da festetan. Horretaz gain, azken urteotan jaialdi ugari antolatzen dira. Horietako batzuek urte asko daramatzate, eta beste batzuk berriak dira. Zuzeneko musika onenaz gozatzeko musika ekitaldiak biltzen dituen zerrenda bat osatu dugu.

Maiatza

Maiatzean MAZ Basauri jaialdiak, musika eta zine emanaldiak eskaintzen ditu gazte zein helduentzat Basauriko txoko ezberdinetan. Sasoi berean, Sahararen aldeko lagunek Iurretan Rio de Oro festibala antolatzen dute, musika, dantza eta bestelako ekimenak uztartuz. Uso Pop jaialdiak proposamen alternatiboak dakartza iparraldera, Lizarrietan (Sara) egiten den jaialdira.

Ekaina

Rock doinu indartsuek hartzen dute Gasteiz, ekainean. Azkena Rock jaialdiak nazioarteko ospea hartu du rockaren izar handienak ekartzen dituelako. Hamar urtetik gorako ibilbidea duen jaialdi honek doinu horretako erreferentzia nagusiak biltzen ditu, eta rockzaleen ezinbesteko hitzordu bilakatu da. Garai berean ospatzen dute Euskal Herria Zuzenean jaialdia. Nazioarteko talde esanguratsuenak tokiko taldeekin nahasten ditu Heletako jaialdiak.

Uztaila

Uda giroarekin batera, gure herri eta hirietako agendak jaialdiz betetzen dira. Getxoko, Gasteizko eta Donostiako nazioarteko jazz jaialdiek genero horretako izar nagusiak gerturatzen dizkigute Europako Jazz zirkuitu garrantzitsuenetakoari esker. Horiez gain, Hondarribiko Blues Jaialdia eta Bilboko BBK Live (nazioarteko pop jaialdi garrantzitsuenetakoa) ospatzen dira. Armintzan bestalde, Txapel Reggae jaialdiak dantzarako giroa sortzen du. Rock indartsua gustoko dutenek Hatortxu Rock jaialdia zain dute Lakuntzan.

Abuztua

Doinu klasikoak dira protagonista Donostian egiten duten Musika Hamabostaldian. Izen handiko ekitaldiek konpositore handienen piezak hurbiltzen dizkigute.

Iraila

Folk doinuek Getxo betetzen dute irailean, Getxo Folk jaialdiarekin, nazioarteko folk artista esanguratsuenak biltzen baititu. Donostiako hipodromoan Kutxa Kultur Festibala jaialdia egiten dute. Ertz beste musiken jaialdiak esperimentazioaren mugak erakusten ditu hainbat tokitan osatzen duten egitarauari esker.

Urria

Gasteszena aretoa pop-rock musikaz betetzen da Donosti Kluba jaialdiari esker. Beasainen, Jazpana, musikaz gain kale kultura eskaintzen duen jaialdia egiten dute.

Azaroa

Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia, MEM, Bilbon egiten dute, azaroan. Irurtzunen, berriz, Pikurock egiten dute, eta Ordizia munduko musikaz betetzen da Sustraiez Blai jaialdiari esker. Hilabete honetako klasiko bat Bilboko Kafe Antzokian egiten duten Bilboloop jaialdia da.

Abendua

Urtea amaitzeko Walk On Project (gaixotasun arraroak ikertzeko dirua biltzea du helburu) jaialdiak talde ezagunak ekartzen ditu urtero.

INFORMAZIO ITURRIA: www.gazteaukera.euskadi.eus