MYO (make your own edo egizu zuk zeuk)

Europan biltzeko tabakoa oso ohikoa da aspaldidanik, gehienbat diru gutxi daukan jendearen artean, edo aurreztaileen artean. Espainian tabakoaren prezioak baxuagoak zirenez, ez zen hain sarria, baina gaur egun daukan prezioa ikusita, gero eta jende gehiago pasa da biltzeko tabakora.
Erretzen jarraitzeko modu bat da; prezio erdian, ordea. Pakete batek 3-4 euro balio du. Biltzeko tabakoaz ari bagara, berriz, 20 gramoko poltsak 1,6 euro. Zigarro bat 0,75 gramorekin bil daiteke; beraz, filtro eta paperarekin zigarro bakoitzak 8 zentimo balio du, eta paketekoak, berriz, 17. Aldea nabaria da, gehienbat asko erretzen dutenentzat.
Espainian azken bost urteotan biltzeko tabakoaren salmenta boskoiztu egin da. Ohiko erabiltzaileen arabera, gustu hobea dauka eta gainera gutxiago erretzen da, zigarro bakoitza biltzeak dakarren lanagatik.
Biltzeko tabako marka gehienak talde handien menpe daude jada, etekinak handitzeko bide berria aurkitu baitute merkatu honetan edo gutxienez jendea mendean jarraitzeko beste modu bat, gazteak eta langabetuak bereziki. Dena den ezin izan dituzte betiko markak, Pueblo edo Domingo, besteak beste, baztertu.
Tabako-industria zein gobernuak zergak igotzen saiatzen dira, paketeen prezioen artean hainbesteko alderik egon ez dadin. Prezioa lehenengo aldiz iazko ekainean igo zuten, baina etorkizunean garestiago ere jarriko dute. Gaian jantzita dauden batzuen ustez, biltzeko tabakoak bestearen prezio bera edukiko du eta jendea zigarrotxoetara bueltatuko da erosoagoak direlako.

¿Quieres dejar un comentario?