LA RELACIÓN DE LA MÚSICA Y LAS DROGAS
HERRI MUSIKA MODERNOAREN HISTORIAN
Musikak eta drogak XX. mendean izan dituzten harremanak ezin dira hiru orritan laburtu. Horregatik, azaleko kontu batzuk besterik ez ditugu agertuko, ideia orokorrak, gehienbat musika modernoaren alderdiunderground hori nabarmendu nahian, helburua delarik gazteen interesa piztea, gerora haiek eurek gaia beren kabuz iker dezaten. Kontua da ulertaraztea gertakizunak elkarri lotuta daudela, ezer ez dela berez edo bat-batean gertatzen, zer edo zerengatik, edo zer edo zeren ondorioz baizik. Bihotzez nahiko nuke, beraz, errealitatea historiaren testuinguruan egoki kokatu, errazago ulertzeko eta ikuspuntu ugari hartuta aztertu ahal izateko.
Sex and drugs and rockanroll leloak garbi adierazten digu zein neurritan izan zen estua musika eta drogaren arteko lotura, milaka aldiz errepikatu baitute azkeneko hirurogei urteetako gazte belaunaldi guztiek. Esapidea ludikoagoa da, iraultzailea baino, baina gordin aipatzen ditu gazte denborako osagai erakargarrienetako batzuk, kontuan izanik gazte denbora izan ohi dela bizialdirik gatazkatsuena eta, kasualitatez edo ez, musikagile moderno gehienek gazte denboran sortu dutela beren musika.
Sexua, musika eta droga mundua mundu denetik egon dira gizarte mota guztietan. XX. mendearen bigarren erdian, ordea, “demokratizatu” egin zen musika eta kultur eliteetatik herritar arrunten eskura igaro zen. Aldaketa horrekin zerikusi handia izan zuten gazte bihurri batzuek, zeinek, hiru minutuko kantuak, mintzaira berria, gitarra, tronpeta, perkusioa eta baxua zirela medio, musikaren historia asaldatu baitzuten eta milioika entzulerengana iritsi. Orduantxe hasi zen musika herrikoa, pop, denona izaten. Eta orduantxe “demokratizatu” zen aldi berean droga kontsumitu eta eskuratzeko modua. Horregatik datoz elkarrekin droga eta sormena, musika jotzea eta gozatzea.
Herri-musika eta droga. Droga eta herri-musika. Zein neurritaraino eragiten diote elkarri? Musika mugimenduek ba al dakarte droga jakin baten kontsumoa? Eta, alderantziz, droga jakin bat hartzeak sor al dezake musika estilo zehatza? Musika estilo berri batek droga-mota berriak al dakartza? Interesik al dauka diskografia-industriak musika eta droga elkarri lotzeko? Disko gehiago salduko al dute horrela? Musikari gazte askoren irudia drogaren madarikazioaz eta autosuntsiketaz zipriztindurik dagoela, baliatzen al dira horretaz disko gehiago saltzeko?
Begi-bistakoa da drogak nolabaiteko eragina eduki duela une jakin batzuetan sortu den musikan. Era berean, gizartearen, politikaren eta ekonomiaren egoerak eragin garbia dauka musika edo estilo zehatz batean. Horrek esan nahi du droga askotan agertzen zaigula herri musikaren historian, hainbatetan zertzelada huts edo tragikoa izanik, beste hainbatetan esangura sakona eta iraultzailea duelarik, eta gehienetan gazteek gizartearen kontrako errebeldiaren seinale soil gisara.