BURUTIK EGINDA SEXUAZ
Gaur egun hipersexualitate kontzeptua erabiltzen dugu, edo sexu-mendekotasuna. Lehen esaten zen emakumeak ninfomaniak jota zebiltzala eta satiriasiak jota, berriz, gizonezkoak.
Hona hemen definizioa: sexu-behar kontrolaezina da, ‘sexu’ berbak hauxe guztia hartzen duelarik: sexu-harremanak, masturbazioa, pornografia, telefono erotikoak… Gaixoak, behin plazera lortuta, errua, ezinegona, lotsa, mina sentitzen du eta gorrotoa dio bere buruari.
Horrelako joera konpultsibotzat jotzen da, kalte egiten dienean bizimoduko beste alderdiei eta, esaterako, ondorio kaltegarri hauek dakartzanean: adiskideak galdu, arazoak lanean, errendimendu egokirik ez, interesik ere ez sexua tartean ez dagoenean, etsipena…
Eta sexurik gabe, abstinentziaren sintomak agertuko dira: suminkortasuna, antsietatea, goragaleak, insomnioa, dardarak eta buruko mina.
Gehiegi masturbatzea edo film porno asko ikustea, berriz, ez dira sexu-mendekotasunaren sintomak. Mendekotasunak ez dauka batere zerikusirik sexuan sarri aritzearekin, baizik eta, bere burua kontrolatu ezinean, gaixoak duen ezinegon psikologikoarekin.
Adituek diotenez, sexu-adikzioa ez da gaixotasuna, beste hainbat arazo psikologikorekin (bakardadea, depresioa, antsietatea, estresa…) zerikusia duen sintoma baizik.
Hala gizonak nola emakumeak jotzen ditu, edozein adin eta gizarte mailatakoak. Gaixo gehienak, dena den, gizonezkoak dira, gizarteak askatasun handiagoa ematen dielako eta moraltasunak traba gutxiago jartzen dielako.
Oso adikzio ezezaguna da. Eta ez da, halaber, batere ikusgarria, jotakoek ezkutatu egiten digutelako, batik bat ingurukooi.
Tratamenduaz konpon daiteke, baldin eta gaixoak arazoa duela aitortzen badu behintzat.