LAN DA LAN!
(LAN-MENDETASUNA)
Lehenengo eta behin, garbi adierazi behar dugu lanean ordu asko ematea eta lan-mendekoa izatea ez direla gauza bera.
Lan-mendetasuna gure gizarteak ongien hartzen eta ikusten duen mendetasuna da.
Adikzio-mota guztiek bezala, bi osagai ditu: kontrolik eza eta mendetasuna.
Lan-mendetasunak jotakoak buru-belarri aritzen dira lanean, bizi-beharra delakoan, inguruan duten guztian aurre-aurrena, inportanteena delakoan.
Lanari erabat emanak, beraz, nekez dute familia, gizarte, edo lagunarteko bizimodurik.
Horrelako jokamoldea justifikatzeko esango dute ezinbestekoak direla enpresan, lan gutxiago eginez gero gaizki ikusiko dituztela edo lanik gabe gelditzeari beldur diotela.
Lankideekin agintzale eta oldarkor jokatzen dute, beti daude umore txarrez eta noiz edo noiz sutan jartzen dira. Familiarekin berdin jokatzen dute.
Lanean ez daudenean (asteburuetan, jaiegunetan, oporretan), abstinentzia-sindromeak jota ibili ohi dira: suminkor, barnean hutsik, asperturik, antsietateak jota, lorik bildu ezinik… Minutuak geldo doazela irudituko zaie eta denbora guztian erabiliko dituzte lan kontuak buruan.
Hona hemen lan-mendetasunak jotakoak pairatzen dituen kalteak: familiarteko harremanak narriatu egingo zaizkio, bakarturik ibiliko da, umorea galduta, lanak baino ez dio interesa piztuko, gainontzeko guztia bost axola zaiolarik, osasunak okerrera egingo dio eta bizi kalitate eskasagoa edukiko du.
HAINBAT JAKINGARRI LAN-MENDETASUNARI BURUZ
Lan-mendetasunak askoz sarriago jotzen ditu gizonezkoak, emakumezkoak baino; gehienbat 35 eta 55 urte bitartekoak izaten dira eta askoz gehiago daude enpresa pribatuetan, publikoan edo Herri Administrazioan baino.
Lanbideei bagagozkie, gainontzeko guztien gainetik nabarmentzeko modua ematen dutenetan gertatu ohi da mendetasuna. Ogibide distiratsu txalogarri horietaz ari gara: goi mailako exekutiboak banketxeetan, finantzetan edo aholkularitzan, medikuak, kazetariak eta araupetze urriko profesionalak izaten dira.
Espainian enpresen %80k saritzen du gehiegikeria lanean. “Enpresa pozointsu” esaten zaie horrelakoei. Uste dute langileen gehiegizko errendimendu hori betikoa izan daitekeela. Oker dabiltza, ordea.
Japonian ditugu lan-mendeko gehienak. Japonieraz, gainera, badago berba bat “gehiegi lan egiteagatiko heriotza” esan nahi duena: karoshi, alegia. Gaixoa bat-bateko bihotzekoak hiltzen du, estresaturik eta urduri denbora luzea eman ostean.