DROGA DIGITALAK EDO E-DRUGS

 

 

 

Imajina ezazu eszena: zure aulkian eroso esertzen zara ordenagailuaren aurrean, entzungailuak jarri, pantailari arretaz begiratu eta hamabost edo hogeitamar minutu igaro ondoren, guztiz kolokaturik zaude. Hala diote behintzat i-dosing horietako bat dastatu duten hainbat gaztek, nahiz eta teoriak kontrakoa egiaztatu.
Droga digital berriak tono binauralen konbinazioan (belarri bakoitzerako desberdinak) oinarritzen dira; azken batean, pantailan proiektatzen diren mandala koloretsu eta hipnotikoekin batera errepikatzen den musika bat da. Hamabost euro inguru balio du, zazpitik ehun eta berrogeitamar tartekoak ere aurki ditzakegun arren. Izenak mota askotakoak dira: orgasmoa, peyotea, alkohola, lucid, cream, estasia… Saioak gaika antolatzen dira, lortu nahi diren efektuen arabera: irudimena garatu, bideojoko edo kirol batez gehiago gozatu, sexu-harremanetako gozamena handitu, etab.
Hartu duen jendeak izugarrizkoa dela dio baina adituek hainbestekoa ez dela diote eta plazebo efektua aipatzen dute. Egia esan, soinu eta taupada binauralek erlaxatu egiten gaituzte, kontzentratzen laguntzen digute eta hainbat gaixotasunetan (autismoa, kasu) terapia gisara erabiltzen dira. Izan ere, frekuentzia batzuek sormena eta irudimena gara ditzakete; agian horregatik batzuek existitzen ez diren gauzak (elefante berdeak, besteak beste) ikusi dituztela diote.
Dena delarik, argi dago droga digitalek ez dutela albo-ondoriorik sortzen (edo gutxienez ez dago hala frogatzen duen ikerketarik) eta horrelako esperientziek ez dutela menpekotasunik sortzen.

¿Quieres dejar un comentario?