sexo, drogas y Rock & roll
ghb

GHB

X likidoa, E likidoa, biberoia, urre edangarria… Estasi likidoa ere esaten zaio, nahiz eta estasiarekin zerikusirik ez duen: GHB depresorea da eta bestea, berriz, estimulagarria.

Aspaldian kirurgian anestesiagarri modura erabiltzen bazuten ere, utzi egin zioten, haren ondorio kaltegarriak zirela kausa.

Gorputzaren zeluletan dugu GHB, giltzurrunetan, bihotzean, muskuluetan… Osagarri inportantea da, neurotransmisorearena egiten baitu nerbio-sistema zentralean.

GHBk likido garden baten itxura du; beste hainbatetan, aldiz, hautsezko pilulak dira, uraz hartu beharrekoak.

Kristalezko ontzietan saltzen da eta, edan baino lehen, tapoian botatzen da, dosia neurtzeko. Kontu handiz ibili behar dugu hartzean, kontzentrazioa oso bestelakoa baita ontzi batzuetan eta besteetan.

Ez usainik ezta zaporerik ere ez duenez gero, abusuetan erabili omen da.

GHBren ondorioak hartu eta 5 edo 10 minutura sumatzen dira eta 30 minututik 3 ordura iraun dezakete.

NOLA IBILIKO ZARA GHB HARTUTA?

Poz-pozik sentituko zara, inhibizio, lotsarik gabe.

Gustorago ibiliko zara gizartean, lagunartean.

Azala sentikorrago edukiko duzu.

Logure ibiliko zara.

Goragalea edukiko duzu eta botaka egingo.

Konortea galtzea ere gerta dakizuke.

AFRODISIAKOA AL DA GHB?

Nolabaiteko plazera eman diezazuke, eta sexu grina areagotu.

Mutila bazara, tentetze arin eta iraunkorra eman diezazuke, eta orgasmoa atzeratu.

Baliteke, GHB hartuta, konfiantza handiagoz jardutea sexu harremanetan. Horregatik ibili behar duzu kontu handiz baten batekin oheratzen bazara: pentsa ezazu agian GHB hartu gabe ez zinatekeela lagun horrekin oheratuko.

Eta, gerta ala gerta, ERABIL EZAZU BETI KONDOIA.

GHB GEHIEGI HARTUZ GERO, BALITEKE…

Oso neke eta oso logure ibiltzea.

Gorputzaren mugimendurik ez kontrolatzea.

Buruko mina edukitzea.

Burua nahastea.

Oroimenak huts egitea.

Bihotza eta arnasa gelditzea edo koman sartzea; horrek egun osoan iraun dezake edo atzeraezina izan daiteke.

HAINBAT GOMENDIO

GHBren ondorioak aldagarriak dira lagun batetik bestera, gorputzaren pisuaren edota sexuaren arabera, emakumeengan gogorragoak izaten baitira ondorioak. Urdaila beteta edo hutsik edukitzeak ere garrantzia dauka, eta aldarteak ere bai.

KONTUZ IBILI! Dosi ustez seguru baten eta dosi hilgarri baten arteko aldea nimiñoa da; erraz joan daiteke bat egoera batetik bestera.

GHB beste droga mota batzuekin nahastuz gero, ustegabea gerta dakizuke, batez ere alkoholaz nahastuta. NAHASTEA HILGARRIA DA!

GHB hartu baduzu, ez autorik gidatu.

Ingurukoek jakin behar dute GHB hartu duzula, laguntza emango baitizute horrela, behar izanez gero.

Bihotzaz edo arnas aparatuaz gaixo dabiltzanek eta epilepsia daukatenek ez dute GHBrik hartu behar.

Zure lagun bat, GHB hartuta, konorterik gabe gelditzen bada eta espasmo edo konbultsiorik baldin badauka, deitu berehala Larrialdietarako Zerbitzuetara: 112.