sexo, drogas y Rock & roll

KETAMINA

ketamina

Ketamina (keta eta K berezia ere esaten zaio) anestesiko disoziagarria da. Albaitariek 1970.etik hona erabili ohi dute animaliak anestesiatzeko.

Hiru itxura desberdin izan dezake: likido gardena, hautsa edo pilula. Beraz, irentsi edo esnifatu egin daiteke. Horretaz gain, droga haluzinogeno oso indartsua da eta uste baino askoz arriskutsuagoa.

ZER EGITEN DU KETAK?

Irentsiz gero, ordu erdi ingurua pasako da burura igo arte.

Hasiera batean goralditzarra emango dizu, farloparena bezalakoa.

Gero… gainbeheraaaaaa!

Burua gorputzetik banandua sentituko duzu, airean flotatuko balu bezala.

Gorputza sorgortu egingo zaizu.

Agian lagunen aurpegiak desitxuraturik ikusiko dituzu eta zeure beso-zangoak luzatzen eta laburtzen, luzatzen eta laburtzen…

Oso behean bazabiltza, triste edo lur jota, ez ketarik hartu, askoz gehiago okertuko baitizu aldartea.

BERAZ,…

Pentsa ezazu patxadaz eta, keta hartzea erabakiz gero, hasieran har ezazu apurtxo bat, gorputzaren erreakzioa ikusteko; eta egizu beti lagun artean, baten batek lagundu behar dizu-eta, gauzak okertuz gero.

Zoaz leku lasai eta isil batera.

Jakin ezazu gauza benetan arraroak sentituko dituzula. Ez gero harritu, ez eta nazkatu ere. Esaterako, paranoiak jota ibiliko zara, ziur. Hori bai plan ederra!

Itxaron trankil, ketamina burura igo arte. Ez zaitez zazpikia izan eta ez gehiagorik hartu.

Ez ketarik nahastu beste droga mota batzuekin:

Alkoholak ugaldu egiten ditu ketaren ondorio depresoreak; hau da, ketaminak arnasketa eta bihotza geldotzen ditu eta alkoholak ere bai. Kontu handiz ibili gero! Ez ahaztu arnasa egin behar duzula derrigor.

Speedak, kokak eta pizgarriek, oro har, ketaren kontrara eragiten dute. Beraz, nahastuz gero, bonba moduko bat sortuko duzu eta burmuina ere nahastuko zaizu. Egiaz diotsut: horrelako koktel batek gorputza erabat galaraz diezazuke.

BAINA KONTUZ IBILI:

Keta ez da parrandan ibiltzeko moduko droga, askok hala esan arren. Giro zaratatsu eta itogarri batean haluzinatzea bidaialdi benetan eskasa izan daiteke.

Hainbatetan ketamina erabiltzen dute XTC ebakitzeko, baina bataren eta bestearen ondorioek ez dute zerikusirik elkarrekin. Egizu kontu: bat-batean gorputzean gauza arraroak nabaritzen hastea ez dut uste batere atsegina denik.

Ketamina anestesikoa da. Kolpea hartuz gero, bada, ez zara ohartuko, baina pentsa ezazu zer esan nahi duen horrek: kolpea hartu eta odoletan hasten zara, baina minik sentitzen ez duzunez gero, ez zara konturatzen. Orduan, saia zaitez eroriko edo istripuak gerta daitezkeen lekuetan ez ibiltzen, bada ez bada ere.

Konturatu gabe, gaindosia har dezakezu, ketaminaren indarrak piloa aldatzen baitu eman dioten itxuraren arabera (hautsa, pilula…). Kontuz: gaindosiak ziplo hilda utz ahal zaitu, birikiak geldiarazten ditu-eta.

Horregatik guztiagatik, nik birritan pentsatuko nuke hartzea edo ez. Horretaz gain, mesedez, ez ibili zer harrapatu eta hori irentsi. Ez hartu, faborez, eskaintzen dizuten guztia. Ez, pentsa ezazu apur bat eta jakin ezazu zer egin behar duzun.

Ketamina eta beste droga batzuk nahasten badituzu, gorriak pasako dituzu, benetan.

Hartuz gero, egizu leku lasai batean eta hartu gabeko lagunekin batera.

Askoz arriskutsuagoa da martxako lekuetan dabiltzan beste drogak baino. Kontu handiagoz ibili, beraz.

Gorputza erraz egokitzen da ketamina hartzeaz: mendetasuna itzela da, beraz.

Esnifatuz gero, ez pentsa farloparen modukoa denik. Kantitatea askoz txikiagoa hartu behar duzu. Ez tuturik erabili inorekin batera, kutsadurarik gerta ez dadin.