Lege Oharra
“Utzi drogak haurren eskueratik urrun”
Eta “haurra” diogunean adinez nagusiak ere aipatu nahi ditugu, baldin eta arduragabe jokatzen badute, irrikaz edo atsegin bila, ingurukoen erabakiak errespetatu barik; baldin eta nekez hartzen badituzte erabakiak eta, hartzen dituztenean, edo utzi egiten diete gainontzekoei bere ordez erabaki dezatela, edo ez dute bere gain hartzen eginaren edo egin gabearen ondorioen ardura; baldin eta konpromisoak bereganatzen badituzte, aldez aurretik jakinda sekula ez dituztela beteko.
OHARRA:
EKIDIN ROLLO TXARRAK.
KONTUAN HARTU ARAUAK, ERABAKI BAINO LEHEN
Legea eta drogak
Legeaz eta drogaz aritzean erraz has gintezke eztabaida luze aspergarrietan. Batzuek esango dute lege gogorragoak behar ditugula; beste batzuek, ordea, daukagun legea gehiegizkoa dela. Ausart batzuk legalizazioaren alde agertzen dira; beste batzuk, hori entzunda, asaldatu egiten dira. Dena dela, guk, iritzia plazaratu barik, hauxe diogu:
Ondo legoke egoera desberdina balitz,
baina gauzak horrelaxe daude.
Beraz, drogarekin zerikusiren bat edukitzea erabakitzen baduzu, hobe legearekin arazorik ez edukitzea.
Drogarekin zerikusia baldin baduzu, badaiteke lege-hauste mota bi egitea:
LEGE-HAUSTE PENALA. Delitu edo huts-egitea da, Kode Penalak zigortua. Berez ekar dezake, zigor gisa, kartzelaldia edo, adingabea izanez gero, epailearen agindua bete beharra.
LEGE-HAUSTE ADMINISTRATIBOA. Administrazioaren arauek hainbat egintza zigortzen dute; sekula ez dakarte kartzelaldirik, bai ordea isunak: diruzkoak, agiriren bat edo lanpostua kentzea, etab.
A.- LEGE-HAUSTE ADMINISTRATIBOA (EZ ZEURE BURUA NABARMENDU. IKUSTEN EZ BAZAITUZTE, HOBE)
Honako guztiak dira lege-hauste administratiboak: drogak herribidean (kalean, plazan edo parkean) kontsumitzea; droga soinean eramatea, nahiz eta zuk bakarrik kontsumitzeko izan; kalean droga hartzeko tresnak uztea. Horiek guztiak, esan bezala, lege-hauste administratibo larriak izanik, zigor moduan eduki dezakete 300-3000 euro bitarteko isuna, gidabaimena sei hilabetez kentzea edo errehabilitazioa egin behar izatea. Hala diote Hiri Segurtasunari buruzko otsailaren 21eko 1/1992 Lege Organikoaren 25. eta 28. artikuluek.
Droga jendaurrean kontsumitzeak ez dakar berez, zigor moduan, kartzelaldia;
bai, ordea, isun ederra.
HAINBAT GAUZA GOGOAN HARTZEKO:
- Porruak kalean erretzea lege-hauste administratiboa da.
- Nork bere erabakien ondorioen ardura hartu behar du bere gain, harrapatzen dutenean ere bai. Harrapatzen bazaituzte, bada, eman zuk zeuk aurpegia eta ordaindu zuk zeuk, eta ez gurasoek, isuna.
- Hala gertatuz gero, errekurtsoak jartzea badaukazu; iradoki diezaiokezu isuna ezarri dizun erakundeari neurri ordezkoa proposa dezala eta zigorraren ordez bete.
- Kalean peta bat erretzen baduzu, jendeak erraz suposatuko du beste zerbait gehiago daramazula soinean eta erraz emango dizu aipu txarra.
- Eta behin aipu txarra zeureganatuta, erraz zintzilikatuko dizute lepotik besteen errua.
- Baten batzuek txarto pasatzen dute gainontzekoak zerbait hartzen ikustean. Zertarako ikusi behar zaituzte, bada?
B.-LEGE-HAUSTE PENALA (DELITUA)
Legez kontrako drogak landatu, prestatu, saldu, oparitu eta kontsumitzen ematea delitua da (Kode Penalaren 368. artikulua). Beraz, 18 urtetik gorakoa bazara eta aurrekoetakoren bat egin baduzu, jakin ezazu isuna ezar diezazuketela (isunaren zenbatekoa: soinean daramazunaren balioa bider hiru) eta 3-9 urte bitarteko kartzelaldia, edo hainbat lanbidetan jardun ezina.
Eta 18 urtetik beherakoa bazara?
Orduan ez zinateke kartzelara joango, baina epaileak erabaki lezake tratamenduren bat egin zenezala edo adingabeen zentro batean sartzea.
Nola jakin soinean daramazun droga zeure kontsumorako edo trafikatzeko dela uste izango ote duten?
Droga kopuruaz ari bagara, oro har jotzen da norberaren kontsumorako dela 3-5 egunetan har daitekeena. Hortik gora, trafikorako dela uste izango dute. Hiru, lau edo bost egun kontuan hartzea kasuaren eta epaimahaiaren araberakoa izaten da.
Hasiera batean, medikuaren txostenaren bidez, auzitegiak aztertuko du zein izango den kontsumitzaile bakoitzaren menpekotasun-maila. Hau kontuan hartu eta gero, pertsona horrek 3-5 egunetan behar duen kopurua kalkulatuko da. Beste epai batzuetan agertzen diren zenbatekoak ere hartuko ditu kontuan.
Hona hemen, orientazio moduan, gehienezko kopuruak drogazale baten autokontsumorako:
- Heroina. Gehienezko zenbateko osoa 3 gramokoa da.
- Kokaina. Gehienezko eguneko zenbatekoa 1,5 gramokoa da.
- Estasia. Gehienezko eguneko zenbatekoa 3 pilulekoa da.
- Haxixa. Gehienezko eguneko zenbatekoa 5 gramokoa da. Kasu honetan, epaileak malguagoak izan ohi dira eta askotan autokontsumorako gehienezko zenbateko osoa 50 gramotan ezartzen dute.
- LSD. Eskuarki, 5 tripi edukitzea droga-trafikotzat hartzen da. Beraz, 5 tripi baino gutxiago eramatea da gomendagarriena.
Kopuru horiek orientatzekoak besterik ez dira eta azaldutako kopuruak baino gutxiagorekin ere arazoak izan zenitzake. Arazoak saihesteko, gomendatzen dizugu soinean egunean kontsumituko duzuna besterik ez eramatea. Eta gogoratu droga trafikoaren aztarna txikienaren aurrean, hau da, 5 euroko haxix, pilula edo dosi batekin, arazoak izan ditzakezula.
Eta kanabisa, zer?
Soinean kanabisa edota kanabiskiak (marihuana, haxixa eta olioa) eramanez gero, 25 gramotik gora trafikotzat joko da. Horri dagokion kartzelaldia 1-3 urte bitartekoa izaten da eta ordaindu beharreko isunaren zenbatekoa, aldiz, eragiketa honen emaitza: soinean daramazunaren balioa bider bi.
Hala eta guztiz:
Esandakoak baino kantitate txikiagoak baldin badaramatzazu, baina, horrekin batera, droga prestatzeko ohiko tresnak (labainak, pisagailuak, txanpon asko…) ere bai, baliteke daramazuna trafikatzeko dela uste izatea.
Honakoak eramatea ere jo daiteke trafikotzat:
- Diru billete tolestuak.
- Plaka bat, arrasto eta guzti; droga banatzeko (eta zatitan saltzeko) erabil daiteke.
- Tamaina desberdineko droga zatiak.
- Droga oso ezkutua (zer dela eta horren ezkutua?)
Beste batzuek ere zigor eta isun handiagoak dakartzate
Esanak esan, baliteke kartzelaldia 13 urtekoa izatea eta isuna daramazunaren balioa bider lau izatea. Noiz, bada?
- Droga kopuru handi-handia daramazunean: 25 kg kanabis, 30 gr heroina edo 750 gr kokaina baino gehiago.
- Droga adingabeei ematen diezunean.
- Eskola edo institutuetan trafikatzen duzunean.
- Trafikatzeko 16 urtetik beherakoak erabiltzen dituzunean.
- Legez kanpoko substantzia aizundu duzunean, etab.
Aholkuren bat trafikoa dela-eta
- Droga opari moduan (hau da, dirurik kobratu gabe) ematea ere bada trafikatzea.
- Beraz, trafikoak honakoak ere hartzen ditu barruan: oparitu, utzi, laga, mailegatu, saldu eta edukitze soila.
- Mesedez! Soinean daramazuna zeurea bada, ez esan adiskideena dela.
- Kontuz! Ez dezala batek koadrila osoaren droga guztia soinean eraman, harrapatuz gero inork ez du-eta uste izango berak bakarrik kontsumitzekoa denik.
- Oso ezkutuan badaramazu, berdin gertatuko da; hau da, inork ez du uste izango trafikatzeko ez denik.
- Kontu eta tentu handiz ibili trafikatzen baduzu edo trafikatzen duen norbait ezagutzen baduzu. Aipatutako lege arazoak ez ezik, baliteke kontsumoa ere nekez kontrolatzea eta beste droga batzuk hartzen ere hastea.
- Trafikoak diru erraza ematen du, bai, baina poliziak harrapa zaitzake, fitxatu eta kartzelan sartu. Horretaz gain, utzi egingo diozu zu izateari eta gainontzekoen gamelu bilakatuko zara.
ETA ALKOHOLAZ EZ AHAZTU:
- Bide Segurtasunari buruzko Legeak debekatu egiten du motoredun ibilgailuak gidatzea, odolean litroko 0,5 gramo alkohol baino gehiago badaramazu; 0,3 alkohol baino gehiago badaramazu, profesional edo gidari berrien kasuan
- Alkoholemia kontrola putz eginez pasa behar baduzu, gehienez baimentzen den kantitatea 25 gramokoa da botatako aire litro bakoitzeko.
- Hortik gorako tasa duzula agertuz gero, lege-haustea edo delitua egingo duzu, zuk eginak izan ditzakeen ondorioen arabera.
- Baliteke, halaber, zigorra ezartzea hortik beherako tasa edukiz gero, baina alkoholaren mende zabiltzalako itxura edo jokaera agertzen baduzu.
- Delitua da alkoholemia kontrola egiteari ukatzea. Ez dizut gomendatzen, beraz, uko egitea.
Droga kontsumitzea erabakita ere, saia zaitez ekiditen
erabaki horren ondorio kaltegarriak