PRESERBATIBOAREN ERABILERA
“Rin2: Sexua, alkohola eta Espainiako gazteen arteko kontrazepzioa” azterlanak 3.163 gazteri egin die galdeketa, 18 eta 29 urte bitarteko 3.584.923 emakumezko espainiarren populazio batetik, laginketa autonomia-erkidegoka geruzatua egin ondoren.
Sexu harremanak antisorgailu barik dituzten neska espainiarren % 30ek alkohola hartu ondoren izaten ditu. Euskadin ehuneko hori 47,3ra igotzen da. Galdetutako % 41ek onartzen du edateak eragina izan zuela sexu-harremanean antisorgailurik ez erabiltzeko erabakian, eta eragin hori % 46ra heltzen da 18 eta 20 urte bitartekoen kasuan. Gainera, % 60k uste du edateak sexu harremanak edukitzeko hesiak “asko” eta “nahiko” ezabatzen laguntzen duela.
Beste aldetik, nahi gabe haurduntzen direnen % 60k preserbatiboa erabiltzen duela adierazten du; horrek esan nahi du txarto erabiltzen dutela eta alkoholak eragina duela gaizki erabiltze horretan. Bikote askok preserbatiboa jartzen dute gizonezkoa eiakulatzeko zorian dagoenean, penetrazioa inolako babesik gabe praktikatu ondoren. Beste askok uste dute aho-sexuan ez dela beharrezkoa preserbatiboa erabiltzea; okerreko ustea, izan ere jarduera arriskutsua baita. Gauza bera gertatzen da uzki-penetrazioarekin: ohiko ustearen kontra, sexu-transmisiozko gaixotasunak kutsatzeko arriskua baitakar.
Inolako babesik erabili ezean, sexu-transmisiozko gaixotasunaz kutsatzeko arriskua oso handia da eta jendea ez da ohartzen zer nolako kaltea sor dezakeen bere osasunean. Ezin dugu ahaztu horietako gaixotasun batzuek ez daukatela sendatzerik; baliteke kronikoak izatea (bizitza osorako) edo heriotza eragitea.
Pilularen erabiltzaileak ez dira ohartzen alkoholaren eraginaz gerta daitekeela pilula hartzen ahaztea, behar ez diren orduetan hartzea edo oka egitea, eta horrek guztiak berez dakar pilulak eraginkortasuna galtzea edo gutxitzea.