sexo, drogas y Rock & roll

HIL AURRETI DISKO HILEZINAK

Pet Sounds

THE BEACH BOYS.

“Pet Sounds”.
1966.

Brian Wilson historiako musikari onenetarikoa izanik, haren taldeak belaunaldi oso batengan izandako eragina izugarria da. 1960ko hamarkadaren poparen freskotasuna eta sustrai kaliforniar petoak ditu. Beach Boys entzuteak poztu egiten nau beti.

The Queen is dead

THE SMITHS.

“The Queen is dead”.
1986.
Ez dago, poparen historia guztian Morrissey-ren hitzen eta Johnny Marr-en gitarrarren nahasketa baino hoberik. Eguneroko gauza eta sentimenduei buruz mintzatzen dira, hitz-jario barroko eta bikainaz, eta ezin hobeto irudikatzen dute Erresuma Batuko tristura eta energia pop hori. Maisulan hutsak dira haien disko guztiak.

Young team

MOGWAI.

“Young team”.
1997.

Mogwaik etorkizun hotsa du. Pixiesen amorru eta zarata, Velvet Undergrounden sakontasun iluna, Radioheaden atmosfera hipnotikoa eta The Cureren tristezia biltzen dituzte. Zorigaiztoko XX. mendearen laburpen ezin hobea da.

The Velvet Underground and Nico

THE VELVET UNDERGROUND.

“The Velvet Underground & Nico”.
1967.
Nire ustez, The Velvet Underground New Yorkeko 1970eko hamarkadaren underground mugimenduko onena da. Warholen Factory-n sortuak, Lou Reed gitarraz eta Nico ahotsaz, lazgarri hutsak dira.

Blue lines

MASSIVE ATTACK.

“Blue lines”.
1991.
Bristolen Wild Bunch izeneko kolektiboa osatu zuten, 1990eko hamarkadan musika beltza, Jamaikako erreferentzia, pop eta musika elektronikoarekin nahasten zituzten talde asko egonda, trip-hop bezalako estilo batzuk sortu zirelarik. Estilo hura, Portishead edo Alpha taldeek jorratuko zuten geroago. Album hau ere maisulana da.

Sgt. Pepper´s Lonely Hearts Club Band

THE BEATLES.

“Sgt. Pepper´s Lonely Hearts Club Band”.
1967.

1960ko hamarkadako musika irauli egin zuten. Inork ez du gauzatu, The Beatles taldeak baino hobeto, hiru minututan, pop kanta perfektua. Musika-lelo biribila asmatu zuten. Eta are garrantzi handiagoa hartzen dute, gizartean eta politikan eduki zuten eragin itzela kontuan hartuta.

Surfer Rosa

PIXIES.

“Surfer Rosa”.
1988.

Pixies, Sonic Youth-ekin batera, poparen benetako hausleak izan ziren. Bi talde haiek zarata, asonantzia eta ahotsaren erabilera librearen esperimentazioan murgildu ziren, estrofa-leloa egitura apurtuz. Garai hartako posmodernitate musikaleranzko urrats sendoena da.

I am a bird now

ANTONY & THE JOHNSONS.

“I am a bird now”.
2005.

Antony berrikuntza da, XXI. mendea, etorkizuna, sekula ere entzun ez duzun zerbait, bere piano eta ahots hutsarekin lekuan bertan harri eta zur eginik uzten zaituen estralurtar baten antzekoa. Musika erreferentzia eta garai ugari iturburu duen crooner sailkaezina da, zerbait berri, bakarra, bere estiloa, bere musika eta bere burua eraikitzeko modukoa. 2005eko album onena da hau, XXI. mende nahasiaren nondik norakoaren adierazgarri.

The head on the door

THE CURE.

“The head on the door”.
1985.
Robert Smith existentzialismo eta iluntasunaren poeta handia izan da. Haren kantarik goibelenetatik pop modukoenetara, 1980ko hamarkadaren bizi-larritasunarekin konektatu du. Bikaina da melodiak sortzen eta haren atmosferak asaldagarriak diren arren, ezagun egiten zaizkigu.

Ok Computer

RADIOHEAD

“Ok Computer”.
1997.
Nire iritziz, album hau gailurreko lana da eta taldea, berriz, 1990eko hamarkadako ausart eta arriskatuenetako bat. Thom Yorke goiargitu hutsa da eta, haren lehenengo albumaren “Creep” izeneko kantarekin erreferente indie bilakatu ostean, berriro agertu zen bi disko bikainekin: “The Bends”, mundu atmosferikoetan sartua, eta “Ok Computer”, musika elektroniko esperimental hutsean murgildua.