sexo, drogas y Rock & roll

HARROPUZKERIAK PORROTA OHI DAKARKIO SEXUARI

“Sexu harremananaren unerik goren-gorena koitoa da”

Ez da egia. Sexua ez datza bakarrik zakila baginan sartzean. Horrelako topikoek sexu-hurbiltze asko, zirri atsegin mordoa eta topaketa polit ugari zapuzten dituzte.

“Lagunak eskatzen dizuna egiten ez baduzu, horrek esan nahi du ez duzula benetan maite” (Ai, maitasunaren froga gezurrezko horiek!).

Hori xantaia hutsa baino ez da. Horrela, harremana bortxatzea besterik ez duzu lortuko. Zuk zeuk erabaki behar duzu noraino heldu nahi duzun, zuk eta ez beste inork. Oso inportantea da nork nahi duena eta nahi ez duena adieraztea. Mendiko hizkera erabiliz esango genuke batzuk tontorzaleak direla (gailurra zapaltzea dute gogoko) eta beste batzuk, berriz, perretxikozaleak (bideaz, ibileraz gozatzen dira).

“Mutilari gaur ez zaio zakila tentetu. Arazoren bat dauka, ziur”.

Tentetzeari eutsi ezina, lortu ezina edo galtzea oso gauza normala da, sarritan gertatzen da. Beti ere ez dugu sexu-gogorik izaten. Eta zakilak ez ditu beti jabearen aginduak betetzen. Gainera, tentetzerik ezak ez du esan nahi mutilak sexurako gogorik ez duenik, lagunak erakartzen edo maite ez duenik. Ez. Gehienetan esan nahi du urduriak, estresak edo larriak jota dabilela edo soinean alkohol edo parranda larregi duela.

“Lortu behar dut lagunak orgasmo handi-handia izatea. Bestela ez naiz maitale ona izango”.

Sexua ez da azterketa bat, ez dago ezer gainditu beharrik. Horrelako ideiak buruan erabiliz gero, ez zara lasai gozatuko sexuaz. Orgasmorik ez edukitzeko modurik onena obsesioa eta presioa dira. Lortu nahi izanez gero, bi bide hauek ibili behar dituzu aldi berean: kitzikatzea apurka-apurka handitzea eta gorputza sentsazioetan murgiltzea. Biak batera egin ezean, orgasmorik ez.

“Bene-benetan gozatzeko, biok batera izan behar dugu orgasmoa”.

Horrelakoak gerta daitezke; edo ez. Egia esan, ia inoiz ez da gertatzen. Filmetan, ordea, beti ere gertatzen da. Hainbatetan irudituko zaizu gertatu egiten dela baina baliteke itxura egitea. Benetan gertatu ohi da bikotekideek ibilbide luzea egin dutenean elkarrekin edo bakoitzak bere kabuz eta sinkronizatzen ikasi dutenean. Baina, kontuz! Sinkronizatzea bestearen abiada eta erritmoa hartzea da; nork bere erritmoari uko egitea, alegia. Hainbaten erritmoa arinegia da eta ez du merezi.

“Zakil handiko gizonek sexu potentzia handiagoa dute, zakil txikikoek baino”.

Ez ahaztu: kalitateak dauka garrantzia, ez kantitateak. Zakil handia edukitzea, izterrezur edo oin handia edukitzea bezalakoa da: aniztasunaren erakusgarria, besterik ez. Hala eta guztiz, mutilen % 60k uste du zakil txikia duela eta nahiko luke handiago eduki. Estatistikak, berriz, garbi irakasten digu guztiz ezina dela mutilen % 60k zakil txikia edukitzea, zakil bat ezin baita berez ez txikia ez handia izan, beste batzuen aldean jartzen ez bada. Kontua da konparaziorako beti hartzen ditugula film pornoetako zakilak: hots, itzelak, fantasiazko eta zeharo gezurrezkoak. Hobe, beraz, errealitatetik hurbilago jokatzen badugu eta geure zakilarekin ondo moldatzen bagara. Horregatik aholku hau: maite ezazu zeure zakila eta egizu besteentzat ere maitagarri, berdin delarik tamaina, itxura eta kolorea.

Eta gorde hau ondo buruan: baginako azken bi herenak anestesikoak dira; hots, sentsibilitaterik ez dute. Lehenengo herena, ordea, lau zentimetrokoa da eta badu sentsibilitaterik, klitoriak bezala. Eta klitoria baginatik kanpo dago. Horrexegatik emakumeek nahiago izaten dute mihi jolasgarri bat, zakil handi bat baino.

 

Bukatzeko, egiozu bisitaldia “Hamar agindu” atalari.

“Orgasmorik ez daukan emakumea frigidoa da”.

Baliteke emakume batek egoera jakin batean, praktika jakin batean edo lagun jakin batekin orgasmorik ez edukitzea. Eta baliteke, halaber, orgasmorik sekula ez edukitzea, nola lortu ez dakielako. Oso samurra da errua besteen lepotik zintzilikatzea, baina horrelako arazoak bikoteari dagozkio, ez bakarrik kide bati. Eta konponbidea, noski, har-ematetik etorriko da, ez norbanakoarengandik. Hobe, beraz, arazoa eta larria ahaztu eta konponbidearen bila abiatu. Eta konponbidea ikastea izan daiteke:korritzen ikastea,

  1. gorputzari eragiten ikastea,
  2. giro eta baldintza egokiak lortzen ikastea,
  3. nork bere burua abandonatzen ikastea,
  4. presiorik ez egiten ikastea.

“Seduzitzen duen emakumeak sexua baino ez du nahi; urdanga bat da”.

Hori bai ideia matxista eta guztiz leloa! Ez dugu bereizketarik egin behar. Seduzitzea libre da eta bai emakumeek bai gizonek egin dezakete. Eta seduzitzen ez dakiena ezgauza hutsa da maitasun kontuetan. “Sexua besterik ez” esaten dugunean, emakume edo gizon bati buruz, berdin da, beatukeria apur batez ari gara eta nolabait adierazten sexua berez kaka zaharra baino ez dela. Emakume bati “urdanga” edo “motxinbero” esaten diogunean, estutu egingo dugu, ez baitu jakingo nola jokatu, nola egin itxia ez izateko, baina taraska ere ez. Askoz hobea izango litzateke denontzat kanpotik arautuko ez bagenu barrutik bakarrik arau daitekeen zerbait.

“Baten batek ezetz esaten duenean, ez diogu jaramonik egin behar, bene-benetan baietz esan nahi du-eta”.

Edozein pertsonak EZETZ esaten duenean, leku guztietan esan nahi du gauza bera: EZETZ, alegia. Hala eta guztiz, hainbatetan arrisku handiz eta ausartegi jolasten dugu ezetz horrekin. Esaterako, ez dugu ezetzik ematen, nahiz eta sobera dakigun eman beharko genukeela, edo jolasean gabiltza ipuineko artzain gezurtiaren moduan. Aitzitik, askoz hobeto ibiliko ginateke denok ezetza errespetatu eta errespetaraziko bagenu. Jolasak mugak ditu; komeni zaigu garbi adierazi eta men egitea, gainontzeko guztiak arazoak ekarriko dizkigu-eta.