Normala al da sexuan egunero aritzea?, normala al da masturbatzea, bikotekidea edukita ere?, normala da nork bere sexukoak gustuko izatea?, normala al da orgasmoa aldi berean ez edukitzea?, normala al da neska batek penetrazioan orgasmorik ez edukitzea eta eskuaz lagundu behar izatea?, normala al da mutilak beti ere lehenago eiakulatzea?, normala al da…? Sexologoek egunero entzuten dituzte horrelako galderak. Esan genezake galderarik ohikoena dela zerbaiten normaltasunari buruzkoa.
Oso sarritan galdera horren atzean gure beharrizan bat datza: baimena lortu beharra, alegia. Badirudi baten batek eman behar digula baimena, gure bizipen erotikoa den bezala izan dadin; baten batek kanpotik arautu behar duela gure sexu-jarduna; baten batek argitu behar digula maitasunaren estandarren barruan gauden edo ez.
Kontrako ikuspuntua hartuta, hainbatetan esaten dugu “hau ez da normala” zerbait gaitzesteko eta zerbait hori geure buruari baimentzen ez diogun zerbait izaten da, ezagutzen ez dugun, sekula bizi izan ez dugun zerbait edo, beste barik, gogokoa ez dugun zerbait.
Galdera horren atzean halaber datza ustezko arauak ezagutu beharra. Geure beldurra eta segurtasun eza konponduko ditugulakoan ezagutu nahi ditugu ustezko arau horiek eta, behin ezagututa, bete ala hautsi egingo ditugu. Beraz, galdera horren atzean beste batzuk daude: zeintzuk dira arauak?, zer egin behar dut? Horrela, konturatu gabe, normaltasunetik “normatasunera” doan bide laburra egingo dugu.
Geure intimitatea guk geuk egiten dugu, geure barnetik, intimitate hori banatzen dutenekin batera. Segurtasunik gabe eta konplizitate handiz ohi goaz intimitate hori apurka-apurka ezagutuz eta lurralde horrek ez du maparik! Benetan zoragarria da hori: maitasunak ez dauka biderik; urratsez urrats egiten da bidea, ibiliz, maiteaz.
Gizakiok mapak (arauak, irizpideak, legeak) behar omen ditugunez gero, eskaerak aukera ugari ekarri du berez: etiketak, aginduak, kodeak, formulak…
Batzuek erosi eta beste batzuek saldu egiten dute; eta alderantziz: batzuek saldu eta beste batzuek erosi egiten dute. Batzuek galdetzen dute normala zer den eta beste batzuek, erantzutean, euren normaltasuna ezartzen dute, euren arauak inposatzen dituzte.
Hobe arauen azoka horretan oinik ezartzen ez badugu. Hobe parte hartzen ez badugu sexualitateari buruzko estereotipoak sendotzen, bat ere zerikusirik ez baitaukate sexuaren aberastasun, aniztasun eta sakontasunarekin.
Zeure buruari galdtu behar diozu zerbait normala ote den, egiaz erantzun eta horixe izango da benetako eta baliodun arrapostua. Baina, kontuz! Zure normaltasuna zuretzat baino ez da.
Gustuak ez du legerik. Masaiek hortzoi eta mihi ilunak dituzte gustuko. Siriarrek begitarte bilotsuak. Mongoek ez bekain ez betilerik ez edukitzea. Ila herrikoei zilbor irtenak gustatzen zaizkie. Tiv herrikoei aztal potoloak. Zande eta ganda herrietakoei titi eroriak. Hotentotei ipur masail erraldoiak. Txinatarrei oin txikiak. Pazko uhartekoei klitori handia. Markesa uharteetakoei pubis laua. Truk uharteko eta venda, ponape, tonga eta dahomey herrietakoek handiak nahiago dituzte baginako ezpain txikiak. Kultura horietan guztietan ahal dutena egiten dute denek atsegin izateko; zeinean bere trikimailuak asmatu dituzte horretarako. Eta den-denek egiten dute barre gure lepotik, gorputzeko ilea kentzen dugulako, azala eguzkitan belzten dugulako eta aurpegia edo titiak operatzen ditugulako, erakargarriago izateko.
Hau bai bitxia! Hegoafrikako tonga herrikoen ustez, musua nazkagarria da. Tonga guraso batzuek sekula ez diete seme-alabei utziko musurik ikusten filmetan. Are gutxiago mihi eta guztikoak badira. Aitzitik, ez dira bat ere kezkatuko filmean jendea biluzik badabil edo penetrazio bat ikusten bada. Ahoari, ordea, zikinegia deritzote, genitalak ukitzeko.
Sexualitate eta normaltasunari buruzko galderari erantzun ostean, beste atal batera jo dezakezu; homosexualitateari buruzkora, kasu.