BESO, VERDAD O CONSECUENCIA.
Baduzue jolas horren berri, ziur. Zuetako asko, gainera, jolasaren “tolesgabetasunaz” baliatu zarete, ziur, olio-ipurdia ematen zizuen mutilaren edo neskaren ahoaz gozatzeko.
MUSUEN ESANAHIA:
Ahoan ematen diguten aurreneko musua gure lehen esperientzia erotikoa izaten da eta ongi asko gorde ohi dugu oroimenean, xehetasun eta guzti. Aurreneko aldia izan zen; zure ezpainak paperezkoak ziren… zioen poetak.
Zer egin mihiarekin musu bero heze luze batean? Hona hemen iradokizun batzuk: ez bortxaz hartu lagunaren ahoa, ez sartu ezer kontrako eztarritik, ez goragalerik eman. Doazela mihi biak apurka-apurka elkar topatuz, elkar ezagutuz, elkar gozatuz. Eta ez ahaztu ezpainak, ez eta bizarra lazgarria izan daitekeela ere.
Musu baten bidez hainbat gauza adierazten dugu eta gauza horiek baliteke esanahi berbera edukitzea esaten dituenarentzat eta entzuten dituenarentzat. Edo ez.
Musu mota ugari desberdinak daude munduan; eta esanahi desberdinak dituzte, noski, egoera zein den, iraupena zenbatekoa, gorputzaren zein ataletan ematen den, harremanaren zer-nolakoa eta bestearen gorputza zein neurritan hartzen duzun.
Kopetan ematen den musuak ez du esaten masailetako batek edo airera botatzen den batek esaten duten gauza bera.
Musuaren aztarnak eskutitz edo ispilu batean, musu batek garondoan eta musu luze jostari batek belarri-gingilan ez dute edukia bera, ez eta esanahi bera ere.
Beste musu batzuek aztarna (ubeldura, alegia) uzten digute eta nabarmen uzten gaituzte.
Ezpainetako musu arin batek, pasioz beteriko ahoko batek edo mihi eta guztiko amaierarik gabeko estu-estu batek ez dute gauza bera adierazten.
Ez dute puntu kopuru berberarik jasotzen titietako batek eta genitaletako batek.
Denak dira musu eta denak desberdin.
Edonola ere, neurri handi edo txikiagoan, guztiek idazten dute gure sentimenduen eta barne-barneko sentsazioen istorioa.
Bazter utzi ditugu, apropos utzi ere, bortxaz, indarrez edota jasotzailearen nahiaren kontra ematen diren musuak, interesik ez dutelako eta benetako musuak ez direlako.